Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek Cholet menderatu du, 95-88, eta balio handiko garaipena eskuratu du FIBA Europa Kopan

EITB MEDIA

Bilboko taldea, txapelketako bigarren fasean jokatutako bi partidak irabazita, L multzoko lehenengo postuan dabil. Ponsarnauren taldeak Frantziako Ligan lider dabilen taldea hartu du mendean; pentsatzeko modukoa da Cholet multzoko beste faborito nagusia dela.

  • Hlinason, Choleteko Ayayiren aurrean. Argazkia: EFE.

    Hlinason, Choleteko Ayayiren aurrean. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek Cholet mendean hartu du, 95-88, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako bigarren faseko bigarren jardunaldian, L multzoan, Miribillan, astearte gauean. Hala, Bilboko taldea, txapelketako fase honetan jokatutako bi partidak irabazita, L multzoko aurreneko postuan dabil. Jaume Ponsarnauren gizonek balio handiko garaipena eskuratu dute; izan ere, Cholet lider dabil Frantziako Ligan, Euroligan lehiatzen ari diren Paris eta ASVEN Villeurbanne taldeen aurretik, eta pentsatzeko modukoa da L multzoko beste faborito nagusia dela, Bilbao Basketekin batera.

Hala, Miribillan izandako zaleek (Bilbao Basket, Casilla utzita, ohiko bere pabiloira bueltatu da) partida ona ikusi ahal izan dute. Norgehiagoka parekatua izan da. Bilbao Basketek, gehienez, zazpi puntuko abantaila izan du alde; hain zuzen ere, amaieran markagailuak zehaztu duen aldea. Bi taldeek jakin bazekiten partida gakoa izan zitekeela, multzoaren bilakaeran.

Lehen laurdenean, Bilbao Basket 24-23 ari zen gailentzen, eta atsedenaldian, 49-48; horrek ondo baino hobeto erakusten du berdintasun handiko neurketa izan dela. Hirugarren laurdenean, Bilbao Basketek alde handiagoa lortu du, eta, azken hamar minutuak gelditzen zirela, Bilboko taldea hamar puntuz ari zen nagusitzen, 73-66. Azken laurdenean emozioa izan da, Ponsarnauren taldeak ia-ia azken segundoetara arte ezin izan baitu garaipena bermatu.

Nabarmentzekoa da, Bilbao Basketen aldetik, Thijs De Ridder bikain aritu dela; izan ere, 22 puntu sartu eta zortzi errebote hartu ditu. Marvin Jones eta Kristian Kullamae ere aritu dira ondo erasoan, hurrenez hurren, hamahiru eta hamabi puntu sartuta.

Fitxa teknikoa

95 - Bilbao Basket (24+25+24+22): Frey (5), Abdur-Rahkman (11), Zoran Dragic (9), De Ridder (22) eta Hlinason (8) —hasierako bostekoa—, Pantzar (4), Kullamae (12), Ruben Dominguez (11), Sylla eta Jones (13).

88 - Cholet Basket (23+25+18+22): TJ Campbell (7), Ayayi (15), Ndow (21), Melvin (2) eta Vautier (16) —hasierako bostekoa—, Stefan Smith (10), De Sousa (10), Bracq, Diawara (5) eta Wheeler (2).

Epaileak: Dariusz Zapolski (Polonia), Mihkel Männiste (Estonia) eta Josip Jurcevic (Kroazia).

Nabarmentzeko modukoa: 3.364 zale izan dira Bilbao Arenan, Miribillan.