Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Bilbao Basketek Bilbao Arenan jokatuko ditu Europa Kopako bigarren faseko etxeko partidak
EITB Media
Bilboko taldeak Casillan jokatu ditu txapelketako lehen faseko etxeko neurketak; orain, ordea, azken urteetan ohiko duen kantxara itzuliko da, bigarren faseko etxeko norgehiagokak jokatzeko.
-
>Bilbao Arenan jokatutako Endesa Ligako Bilbao Basket-Joventut partidako irudia. Argazkia: EFE
Surne Bilbao Basketek Bilbao Arenan jokatuko ditu FIBA Europe Cupeko bigarren faseko etxeko partidak. Horixe jakinarazi du klubak, webgunean argitaratutako ohar baten bidez.
Bilboko taldeak Casillan jokatu zituen txapelketako lehen faseko etxeko norgehiagokak; orain, ordea, Bilbao Arenara itzuliko da, Endesa Ligako partidak jokatu ohi dituen pabilioira. Klubak esan duenez, kirol eta segurtasun arrazoiek bultzatu dute Casillatik Bilbao Arenara aldatzera.
Bilbao Basketek Cholet hartuko du abenduaren 10ean, Le Portel izango du aurkari urtarrilaren 8an eta Banco di Sardegna Sassariren kontra jokatuko du urtarrilaren 15ean. Hiru partidak 20:00etan hasiko dira eta zuzenean emango dira eitb.eus-en eta ETBn.