Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek BC Prievidza menderatu du, 61-84, eta partidarik galdu gabe jarraitzen du FIBA Europa Kopan

EITB MEDIA

Txapelketako fase erregularreko hiru jardunaldi jokatuta, Euskal Herriko taldeak hiru garaipen ditu, denak oso argiak. Asteartean, gainera, aurreneko bi partidetan ere garaile atera den multzoko beste taldea hartu du mendean, horren etxean.

  • Bilbao Basket maila oso ona ari da ematen FIBA Europa Kopan. Argazkia: EITB Media.

    Bilbao Basket maila oso ona ari da ematen FIBA Europa Kopan. Argazkia: EITB Media.

Surne Bilbao Basketek BC Prievidza hartu du mendean, 61-84, 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako fase erregularreko hirugarren jardunaldian, Eslovakian, Prievidzako Barrutian, SH Prievidza pabiloian, J multzoaren barnean. Hala, Jaume Ponsarnauren taldeak, txapelketako hiru neurketa jokatuta, partidarik galdu gabe jarraitzen du, eta hiru garaipen ditu dagoeneko; hirugarren garaipena, gainera, aurreneko bi partidetan ere garaile atera den multzoko beste taldearen aurka erdietsi du Bilbao Basketek.

Bilbao Basketek sei puntuko aldea ere izan du lehenengo laurdenean, 7-13koan, baina Eslovakiako taldeak erantzun ona eman du, eta, aurreneko hamar minutuak amaituta, aurretik zebilen markagailuan, 24-22. Bigarren laurdenean, ordea, Jaume Ponsarnauren taldeak indarra eta kalitatea erakutsi dituzte: laurden horretan erdietsitako 9-20ko partziala egin eta aurrea hartu dute, eta bederatzi puntuz ari ziren gailentzen atsedenaldira joan direnean, 33-42. Thijs De Ridder, hamaika puntu sartuta, Euskal Herriko taldearen baliabiderik onena izan da, erasoan lehen zatian.

Bilbao Basket nabarmen hobea izan da norgehiagokako bigarren zatian. Hirugarren laurdena bukatuta, Bizkaiko taldea hamar puntuz zebilen aurretik, 48-58, eta azken laurdenean asmatu egin dute erasoan Ponsarnauk entrenatzen dituen gizonek; izan ere, 26 puntu egin dituzte neurketako azken hamar minutuetan. Azken emaitzak, 61-84koak, ondo islatu du zer ikusi den SH Prievidzako kantxan, Bilbao Basket merezita nagusitu baita.

Fitxa teknikoa

61 - BC Prievidza (24+9+15+13): CJ Jackson (2), Daishon Smih (13), Keith Jordan (17), Krestinin (7) eta Hunter Dean (4) -hasierako bostekoa-; Raitanen (5), Bolek (5), Hlivak (5), Jass (3), Mrvis, Kincel eta Lukac.

84 - Surne Bilbao Basket (22+20+16+26): Frey (4), Kullamae (8), Rabaseda, De Ridder (11) eta Hlinason (8) -hasierako bostekoa-; Pantzar (14), Zoran Dragic (4), Dominguez (19), Gielo (8), Marvin Jones (8), Sylla eta Chacon.

Epaileak: Nicolas Maestre (Frantzia), Tijmen Last (Herbehereak) eta Domen Krajnc (Eslovenia).

Gertakizunak: 2.000 bat zalek bete egin dute SH Prievidza pabiloia.