Itxi

Bilbao Basket

FIBA EUROPE CUP

Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa jokatuko du, Neptunas nagusitasunez kanporatuta

EITB MEDIA

Itzuliko partidaren hasieran, Lituaniako taldeak ezustekoa eman du, eta aurretik jarri da. Alabaina, bigarren laurdenean, Bilbao Basketek markagailua irauli du, eta hortik aurrera jaun eta jabe izan da neurketa osoan (95-59).

  • Xavi Rabaseda. Argazkia: EFE

    Xavi Rabaseda. Argazkia: EFE

Surne Bilbao Basket FIBA Europe Cup txapelketako fase erregularra jokatzeko sailkatu da, Neptunasen aurkako kanporaketa nagusitasun handiz gaindituta. Joaneko partidan, Klaipedan (Lituania), 8 puntuko aldearekin irabazi zuen Bizkaiko taldeak, eta gaur, Bilboko Miribilla pabiloian, 95-59 gailendu da.

Kanporaketa Lituanian bideratu bazuen ere, itzuliko partida ez du ondo hasi Bilbao Basketek. Defentsa lanetan gaizki ibili da, eta sei puntuko desabantailarekin amaitu du lehen laurdena (18-24).

Bigarren laurdenean, berriz, Jaume Ponsaurnaren mutilek beste jarrera bat erakutsi dute, defentsan nahiz erasoan, eta 9-0eko partzialarekin, markagailua iraultzea lortu dute (27-24). Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, kantxan nagusituz joan dira, eta 11 puntuko errentarekin iritsi dira atsedenaldira (47-36).

Aldagelatik bueltan, etxeko taldeak bererari eutsi dio. Kullamae, Dragic eta Frey nabarmendu dira, eta horien saskiratzeei esker, Neptunas nagusitasun handiz menderatu dute. Hirugarren laurdenean, 22 puntuko aldearekin gailendu dira, eta errenta 36 puntukoa izan da azkenean.

Hortaz, kanporaketako bi neurketak irabazita sailkatu dira "beltzezko gizonak" FIBA Europe Cup txapelketako fase erregularrera.

FITXA TEKNIKOA

95 - Surne Bilbao Basket (18+29+26+22): Pantzar (11), Kullamae (15), Zoran Dragic (13), De Ridder (8) eta Hlinason (8) -hasierako bostekoa-; Frey (19), Abdur-Rahkman (1), Rabaseda, Sylla (3), Marvin Jones (7), Rubén Domínguez (7) eta Taboada (3).

59 - Neptunas Klaipeda (24+12+15+8): Nathan Johnson (12), Buie (2), Berucka, Waterman (13) eta Pavelka (9) -hasierako bostekoa-; Girdziunas (7), Janavicius, Gailius (4), Pacevicius (12) eta Repsys.

Partzialak: 18-24; 47-36; 73-51; 95-59.

Epaileak: Lorenzo Baldini (Italia), Martin Vulic (Kroazia) eta Geert Jacobs (Belgika). Ez dute inor kanporatu.

Gertakariak: FIBA Europe Cup txapelketaren atariko kanporaketaren bueltako partida, Miribillan. 6.322 ikusle izan dira.