Itxi

Bilbao Basket

Kluba utziko dute

Denzel Anderssonek eta Alex Renfroek ez dute Bilbao Basketen jarraituko

EITB MEDIA

Anderssonek bi denboraldi eman ditu Bilboko taldean, 2022tik, eta Renfroek 2023-24 denboraldian jokatu du Jaume Ponsarnauren esanetara. Bizkaiko klubak, hortaz, dagoeneko bost baja iragarri ditu, 2024-25 denboraldirako: Alex Reyes, Tomeu Rigo, Georgios Tsalmpouris, Andersson eta Renfroe.

  • Renfroe, defentsa lanetan, Miribillan jokatutako partida batean. Argazkia: EFE.

    Renfroe, defentsa lanetan, Miribillan jokatutako partida batean. Argazkia: EFE.

Denzel Andersson eta Alex Renfroe jokalariek ez dute Surne Bilbao Basketen jarraituko, ostegunean Bilboko klubak iragarri duenez. Anderssonek bi denboraldi eman ditu Bilboko taldean, 2022tik, eta Renfroek 2023-24 denboraldian jokatu du Jaume Ponsarnauren esanetara. Bizkaiko klubak, hortaz, dagoeneko bost baja iragarri ditu, 2024-25 denboraldirako: Alex Reyes, Tomeu Rigo, Georgios Tsalmpouris, eta arestian aipaturikoak, alegia, Andersson eta Renfroe.

2023-24 denboraldian, Denzel Andersson hegaleko-pibotak Endesa Ligako 34 partidatan jokatu du. Batez beste, partidako 18 minututan izan da kantxan, 4,2 puntu sartu ditu, eta 2,4 errebote jartu. Bi puntuko jaurtiketetan, egindako % 65 saskiratu ditu, eta hirukoen % 30,8 (78tik, 24). Guztira, azken bi urteotan, 86 partida ofizial jokatu ditu Bilbao Basketen.

Alex Renfroe joko antolatzaileak, ordea, 45 neurketa jokatu ditu 2023-24 denboraldian; batez beste, 6,8 puntu sartu ditu, 4,7 asistentzia eman eta 3,5 errebote hartu ditu, partidako.

Bilboko klubean, aurreikuspena da Adam Smithek ez jarraitzea, eta uste dute Sacha Killeya-Jones beste talderen batek fitxatuko duela, "xarma handiko jokalaria baita", Rafa Pueyo kirol zuzendariak duela gutxi onartu zuenez. Melwin Pantzarrek, Xavi Rabasedak eta Thijs de Ridderrek bermatutako kontratua dute, eta Tryggvi Hlinasonek eta Kristian Kullamaek ere bai, azken bi horiek 2025era arte; dena dela, Hlinasonek eta Kullamaek irteteko klausulak dituzte.

Baliteke Keith Hornsbyk taldean jarraitzea. Fitxaketei dagokienez, bat ere ez dute baieztatu, oraingoz; hainbat informazioren arabera, Harald Frey joko antolatzaile norvegiarra eta Tomasz Gielo hegaleko-pibot poloniarra iritsiko dira.