Bilbao Basket
FIBA Europe Cup
Bilbao Basketek finalerdiko itzuliko partida irabazita esan dio agur FIBA Europe Cup txapelketari (73-82)
EITB MEDIA
Jaume Ponsarnauren gizonek ezin izan dute irauli Niners Chemnitzek joaneko partidan erdietsitako emaitza; izan ere, Miribillan, Bizkaiko taldearen aurkariak 25 puntuko aldea erdietsi zuen. Hala ere, beste garaipen bat lortu du Bilbao Basketek, eta, horrenbestez, amaiera egokia eman dio txapelketari.
-
Keith Hornsbyk 11 puntu sartu ditu; irudian, joaneko partidan. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basket 2023-24 denboraldiko FIBA Europe Cupetik kanpo gelditu da, asteazkenean, Niners Chemnitzen aurka bederatzi puntuz irabazita, 73-82, txapelketako finalerdietako itzuliko partidan, Alemanian; izan ere, emaitza horrek, joaneko neurketan izandakoarekin batera (Chemnitz 25 puntuz gailendu zen, 73-98, Miribillan), Bilboko taldearen aurkariari eman dio finalerako sailkatzea.
Hala, Jaume Ponsarnauren gizonek FIBA Europe Cupeko finalaren atarian gelditu dira, finalaurreko azken emaitza Chemnitzen aldekoa izan baita, 171-155; hori bai, Bilbao Basketek lortu du garaipen hau erdietsita esatea agur txapelketari.
Chemnitzek Bilbon lortutako alde handiak erabat markatu du itzuliko partida. Oso zaila zen Bilbao Basketek markagailua iraultzea, eta Alemaniako taldeak jakin bazekien finalerako txartela ia-ia erabat ziurtatuta zuela. Hala, Chemnitz ez da joanekoan bezain sendo eta indartsu aritu, eta Bilbao Basketek hori baliatu du; gainera, euskal taldeak, azken asteotan Endesa Ligan ere egiten ari denez, norgehiagoka ona jokatu du, eta, ondorioz, partida irabazi egin du.
Markagailua oso parekatuta joan da, azken laurdenean izan ezik. Horretan, Bilbao Basketek aldea lortu du, eta azkenean 73-82 nagusitu da. Atsedenaldian, Ponsarnauren gizonak hiru puntuz zihoazen aurretik, 36-39, eta hirugarren laurdena amaituta, aldiz, Chemnitz ari zen irabazten, 59-57. Azken hamar minutuetan, Bilbao Basketek lortu du tentsioari eustea, eta garaipena lortu du, FIBA Europe Cup modu egokian agur esan dion gauean.
Fitxa teknikoa
73 - Niners Chemnitz (21+15+23+14): Lansdowne (5), Lockhart (), Uguak (5), Garrett (11) eta Krubally (10) -hasierako bostekoa- Kajami-Keane (12), Van Beck (12), Ongwae (10), Ritcher (4) eta Yebo (4).
82 - Bilbao Basket (18+21+18+25): Pantzar (15), Adam Smith (9), Reyes (4), Rabaseda eta Hlinason (10) - hasierako bostekoa-; Renfroe (5), Kullamae (14), Hornsby (11), Andersson (4) eta De Ridder (10).
Partzialak: 21-18, 36-39 (atsedenaldian); 59-57 eta 73-82 (azken emaitza).
Epaileak: Dariusz Zapolski (Polonia), Radomir Vojinovic (Montenegro) eta Josip Jurcevic (Kroazia). Ez dute inor kanporatu.
Gertakariak: FIBA Europe Cupeko finalerdietako itzuliko partida. Meese Chemnitzen jokatu dute.