Bilbao Basket
FIBA EUROPE CUP
Bilbao Basketek markagailua irauli beharko du Miribillan, Polonian partida kaskarra jokatu ostean (83-64)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Jaume Ponsarnauren mutilek 19 puntuko aldeaz galdu dute Legia Varsoviaren aurka, eta kanporaketari buelta ematen saiatuko dira datorren astean, zaleen laguntzarekin.
-
De Ridder, Legia Varsoviaren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Surne Bilbao Basketek 19 puntu irauli beharko ditu datorren astean Miribillan, FIBA Europe Cupeko finalerdietan egon nahi badu, asteazken honetan Legia Varsoviaren aurka 83-64 galdu eta gero.
'Beltzezko gizonek' Jaume Ponsarnaurekin jokatu duten partidarik txarrenetako bat izan da, eta seguruenik faltan bota dute Xavi Rabaseda lesionatua, bera baita taldeko liderra jarreran, defentsan eta talde batean beharrezkoak diren beste hainbat faktore zenbatezinetan.
Beharbada Kristian Kullamaeren hutsunea ere nabaritu dute, saskiratzeak lortzeko garaian laguntzeko, batez ere hiruko jaurtiketetan; izan ere, bere taldekideek 19 saiakeratik hiruko bakarra gauzatu baitute. Hala ere, Ponsarnauk derrigorrean utzi behar izan du eskolta estoniarra deialditik kanpo, kupoen araua betetze aldera.
Hirukoetan asmatu ezinik ibili badira, bi puntuko jaurtiketetan ere ez dute askoz hobeto jardun bilbotarrek (51etik 21). Bilbao Basketen aldetik Sacha Killeya-Jonesek soilik izan du jarraikortasuna puntuak lortzerakoan (18, baina 11 puntuko balorazioa bakarrik). Lehen zatian, Adam Smithek (10) lagundu dio, eta bigarrenean Tryggvi Hlinasonek (10 eta 9 errebote).
Arazo gutxiago izan ditu Legiak partida zoro batean. Hala ere, poloniarrak ere ez dira finegi ibili bi puntuko jaurtiketekin (34tik 12); alabaina, hirukoak izan dituzte oinarri neurketako zailtasunak konpontzeko (27tik 13).
Etxekoen arteko onenak Aric Holman (16 eta 19ko balorazioa) eta Josip Sobin kroaziarra (8, 11 errebote eta 20) izan dira.
Fitxa teknikoa:
83 - Legia Varsovia (20+21+19+23): Vital (13), Loren Jackson (10), Kolenda (8), Sobin (8) y Holman (16) -hasierako bostekoa-; Raymond Cowles (12), Marcel Ponitka (10), Wyka (6) eta Kulka.
64 - Surne Bilbao Basket (15+14+20+15): Renfroe (7), Adam Smith (10), Hornsby (5), Andersson (3) y Killeya-Jones (18) -hasierako bostekoa-; Pantzar (9), Reyes (2), De Ridder, Hlinason (10) eta Rigo.
Epaileak: Zafer Yilmaz (Turquía), Ventsislav Velikov (Bulgaria) eta Vladimir Jevtovic (Serbia). Ez dute inor kanporatu.