Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europa Kopa

Bilbao Basketek Eskozian amaituko du, gaur, FIBA Europa Kopako multzo fasea, Caledonia Gladiatorsen aurka

EITB MEDIA

Partida 20:30ean hasiko da, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute. Bilboko taldeak bermatuta du B multzoko lehenengo postua, eta, hortaz, final zortzirenetarako sailkatzea, baina beste garaipen bat lortuta itxi nahi du multzo fasea.

  • Thijs de Ridder, Joventut-Bilbao Basket partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Thijs de Ridder, Joventut-Bilbao Basket partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Surne Bilbao Basketek Eskozian, Glasgown, amaituko du gaur 2023-24 denboraldiko FIBA Europa Kopako multzoen fasea, Caledonia Gladiators taldearen aurka. Partida 20:30ean hasiko da, eta eitb.eus-ek eta ETB4k zuzenean emango dute. Bilboko taldeak bermatuta du B multzoko aurreneko postua, eta, hartara, final zortzirenetako sailkatzea, baina beste garaipen bat lortuta nahi du itxi multzoen fasea.

Jaume Ponsarnauren taldeak bost partida jokatu ditu FIBA Europa Kopan, eta denak irabazi ditu, baina Endesa Ligan, aldiz, ezin izan du garaipenik eskuratu azken bost neurketetan. Hala, Liga ondo hasi ostean, Bilbao Basket sailkapeneko azken postuetatik gertuegi dabil orain, eta egoera hori irauli nahirik dabil; hori du helburu nagusia, bereziki kontuan izanik nazioarteko txapelketan gauzatuta duela, dagoeneko, lehen erronka, alegia, final zortzirenetarako sailkatzea.

Testuinguru horretan, Ponsarnauk erabaki du taldean oso garrantzitsuak diren Alex Reyes eta Denzel Andersson deialditik kanpo uztea, eta Unai Barandalla eta Asier Fernandez harrobiko jokalariak deitu ditu horien ordez. Azken bi horiek Bizkaiko taldeak joan den asteanErrumanian jokatutako partidara ere joan ziren; Bilbao Basketek bertan ziurtatu zituen taldeko lehen postua eta hurrengo txandarako txartela.

Bilbao Basketek ez bezala, Caledonia Gladiatorsek asko du jokoan gaurko neurketan; hain zuzen ere, irabazi egin behar du, Europa Kopan jarraitu ahal izateko. Hala egingo ez balu, litekeena da Anwil Wloclawek egungo txapeldunak egitea txapelketan aurrera.

Lehenengo itzulian, Eskoziako taldeak Miribillan jokatu zuenean, Bilbao Basketek eta Caledonia Gladiatorsek multzoko aurreneko postua zuten jokoan; partidako hasieran, 15. minutura arte, markagailua berdinduta ibili zen, baina gerora Bilboko taldeak alde nabarmena lortu zuen, eta 106-58 irabazi zuen azkenean.

Arestian esan bezala, EITBk zuzenean emango du neurketa, eitb.eus-en eta ETB4ren bidez.