Bilbao Basket
FIBA Europe Cup
Bilbao Basketek Anwil Wloclawek egungo txapeldunaren etxean irabazi du, 79-83, eta ondo hasi du Europa Kopa
EITB MEDIA
Bizkaiko taldea hirugarren eta laugarren laurdenetan ibili da ondoen; izan ere, atsedenaldian etxeko taldeak hamaika puntuko aldea zuen. Alex Renfroek 22 puntu egin ditu, eta Sacha Killeya-Jonesek 18; biak izan dira saskiratzailerik onenak Bilbao Basketen.
-
Sacha Killeya-Jonesek 18 puntu egin ditu. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basketek garaipena lortu du asteazkenean Anwil Wloclaweken kantxan, 79-83 irabazita, FIBA Europe Cupen multzoen faseko lehen jardunaldian, eta, horrenbestez, ezin hobeto ekin dio Europa Kopari. Bizkaiko taldea hirugarren eta laugarren laurdenetan ibili da ondoen; izan ere, atsedenaldian, etxeko taldeak, egungo txapeldunak, hamaika puntuko aldea zuen, baina Bilbao Basketek asmatu egin du minutu erabakigarrietan. Alex Renfroek 22 puntu egin ditu, eta Sacha Killeya-Jonesek 18; biak izan dira saskiratzailerik onenak Bilbao Basketen. Oro har, jokalari guztiak lehiatu dira gogo handiz, eta ez dute amore eman, neurketa zaila izan bada ere.
Partidako lehen laurdenean oso bestelako bi zati izan dira: hasierakoan, Anwilek, arrapaladan, 15 puntuko aldea erdietsi du; gerora, ordea, Bilbao Basketek erantzun egokia eman du, eta gertu-gertu izan du markagailua berdintzea. Poloniako taldea ezin hobeto kantxaratu da, eta 17-2 jarri da aurretik. Jaume Ponsarnauk, orduan, premiazko hutsartea eskatu du, eta begi-bistakoa izan da bere jokalariek barneratu egin dituztela entrenatzaileak emandako aginduak, 0-14ko partziala egin baitute, puntu bakarrera kokatuta (17-16). Aurreneko laurden hori bukatuta, Bilbao Basket puntu bakar batez ari zen galtzen, 24-23; minutu batzuk lehenago ikusitakoa ikusita, esan zitekeen emaitza ona zela, egia esan.
Bigarren laurdenean, Bilbao Basket ez da aurkaria bezain fin ibili. Anwilek, zaleek bultzatuta, euskal taldeak baino indartsuago jokatu du, hobeto, eta hori markagailuan ere ikusi da; Ponsarauren gizonak berehala izan dira berriro atzetik. Etxeko taldeak, beste behin, hamar puntuko aldea lortu du, 40-30ekoan, eta atsedenaldian 49-38 ari zen irabazten. Bilbao Basketek hobetu beharra zuen, baina itxaropentsu egoteko moduko argudioak bazituen; esaterako, Adam Smith eta Sacha Killeya-Jones ondo ari ziren jokatzen erasoan, hamarna puntu sartuta.
Giltzarria izan da hirugarren laurdenean jazotakoa. Horretan, Bilboko taldeak buru-belarri egin du lan markagailua iraultzeko, eta lortu egin du. 7-20ko partziala jarrita, Ponsarnauren gizonak aurretik jarri dira, 56-58, minutu askotan lortu ezinik izan eta gero. Anwilek puntu bateko aldea izan du hirugarren laurden hori bukatuta, 61-60, baina ematen zuen partida aldatuta zegoela: Bilbao Basket geroz eta hobeto zebilen, eta Poloniako taldeak, ordea, lehen zatian baino arazo handiagoak zituen nahi zuen jokoa gauzatzeko.
Inpresio hori erabat baieztatu da laugarren eta azken laurdenean. Aurkaria baino lasaiago jokatuta, Bizkaiko taldeak gaitasuna izan du azken minutuetara partida irabazteko egokieran iristeko. Partida amaitzeko bi minutu eta erdi gelditzen zirela, etxekoak 79-74 ari ziren gailentzen, baina Anwilek ez du puntu gehiagorik sartu; Bilbao Basketek, aldiz, bederatzi egin ditu, eta garaipena eskuratu du horri esker. Nabarmentzekoa da, bereziki, Adam Smithek sartutako hiruko bikaina, etxeko taldea 79-78 aurretik zebilela; Ponsarnauren jokalariak orduan jarri dira aurretik berriro, eta horrela amaitu dute neurketa.
Fitxa teknikoa
79 - Anwill Wloclawek (24+25+12+18): Amir Bell (11), Joesaar (8), Garbacz (16), Petrasek (11) eta Kalif Young (4) -hasierako taldea-; Victor Sanders (8), Tanner Groves (7), Schenk (7), Laczynski (2) eta Kostrezewski (5).
83 - Surne Bilbao Basket (23+15+22+23): Pantzar (2), Adam Smith (13), Alex Reyes, Andersson (5) eta Hlinason (2) –hasierako taldea- Renfroe (22), Kullamae (8), Rabaseda (7), De Ridder (3), Killeya-Jones (18) eta Rigo (3).
Epaileak: Gintaras Vitkauskas (Lituania), Mikheil Vartanov (Georgia) eta Diogo Martins (Portugal). Amir Bell kanporatu dute (37. min), bost falta egin izateagatik.
Gertakariak: FIBA Europe Cupeko B multzoko lehen jardunaldiko partida, Wloclawekeko Hala Mistrzow, pabiloian; horrek 4.200 ikusleentzako edukiera du, eta ia-ia bete egin da.