Itxi

Bilbao Basket

FITXAKETA

Surne Bilbao Basketek bi urterako fitxatu du Thijs de Ridder hegal-pibot belgikarra

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Belgikarra 20 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatzen ari da egunotan bere herrialdeko taldearekin, eta Belgikako Ligako gazterik hoberena eta seigarren jokalaririk hoberena izendatu zuten.

  • Thijs De Ridder

    Thijs De Ridder. Argazkia: Bilbao Basket

Thijs de Ridder 20 urteko eta 2,03 metroko hegal-pibot belgikarrak bi urteko kontratua sinatu du Surne Bilbao Basket taldearekin, beste urtebete luzatzeko aukerarekin. Jokalaria Telenet Giants Antwerp Belgikako taldetik iritsiko da.

Bilboko taldeak jakinarazi duenez, De Ridder 20 urtez azpiko Europako Txapelketa jokatzen ari da egunotan Belgikarekin, eta multzoen faseko liderra izan da puntuetan (partidako 19 batez beste), erreboteetan (12) eta balorazioan (27,3).

Hegal-pibot belgikarrak Telenet Giants Antwerp taldean jokatu zuen aurreko denboraldian, partidako 11 puntu eta 6,1 erreboteko batez bestekoarekin, eta hirukoetan % 44,4ko portzentajea lortuta. Belgikako Ligako gazterik hoberena eta seigarren jokalaririk hoberena izendatu zuten; horrez gain, txapelketako boskote onenean ere sartu zuten.

Aurreko denboraldian egindako lanari esker, Belgikako selekzio nagusiarekin debutatu du, eta Munduko Txapelketarako FIBAren sailkapen fasean 10,5 puntuko eta 8,5 erreboteko batez bestekoak eskuratu ditu.