Itxi

Bilbao Basket

Fitxaketa

Bilbao Basketek Pantzar fitxatu du datozen bi denboraldietarako

EITB Media

Melwin Pantzar joko-antolatzaileak bi urterako kontratua sinatu du Surne Bilbao Basketekin. Urrezko LEB mailako Valladolid taldean jokatu du aurreko denboraldian.

  • Melwin Pantzar

    Melwin Pantzar, Bilbao Basketeko jokalaria. Argazkia: @bilbaobasket

Surne Bilbao Basketek Melwin Pantzar joko-antolatzailea fitxatu du datozen bi denboraldietarako, klubak ostiral honetan, ekainaren 23an, jakinarazi duenez. 23 urteko suediarra 1,91 metro luze da.

Pantzarrek Urrezko LEB mailako Valladolid taldean jokatu du aurreko denboraldian, partidako batez beste 15 puntu eta 3,7 errebote erdietsi, 4 asistentzia eman eta 20,1eko balorazio orokorra lortuta. Gainera, Caceresen aurkako neurketan 38 puntu sartu zituen, 7 asistentzia eman eta 5 errebote jaso, 53ko balorazioa lortuta; hala, 2015etik bigarren mailan ikusten ez zen marka ezarri zuen.

Urrezko LEB mailan erakustaldiak emateaz gain, Suediarekin ere bikain ibili zen FIBAren txapelketetan, norgehiagokako batez beste 13,7 puntu eta 3,7 errebote lortuta, 3,3 asistentzia emateaz gain.

Joko-antolatzaile suediarra Real Madrilek fitxatu zuen junior mailan Solina Vikings taldetik. Madrilgo taldearekin debutatu zuen Endesa Ligan, baita 10 partida jokatu ere. Gainera, Eurokopako neurketa bat ere jokatu zuen Pablo Laso entrenatzaile zela. Hurrengo denboraldian, 19 urterekin, Monakok fitxatu zuen, eta 21 urtez azpiko taldearekin (15,1 puntu, 5.3 asistentzia eta 5,4 errebote) lan bikaina egin zuen; ondorioz, ligako 6 neurketa eta Eurokopako norgehiagoka bat jokatu zituen lehen taldearekin.

Monakon jokatu ostean, Valladolidera joan zen. Gaztela eta Leongo taldearekin, Urrezko LEB mailako jokalari onentsuenetako bat izan da.