Bilbao Basket
kontratu berritzea
Jaume Ponsarnauk 2025era arte berritu du Bilbao Basketekin zuen kontratua
EITB MEDIA
Entrenatzaile kataluniarra 2022-23 denboraldian ibili da lehen aldiz Bilbao Basketen, eta Bilboko taldea Endesa Ligako hamabigarren tokian sailkatu da. Ponsarnauk, hortaz, gutxienez bi denboraldi gehiago emango ditu Bilbao Basketen entrenatzaile gisa.
Jaume Ponsarnauk 2024-25 denboraldiaren amaierara arte berritu du Bilbao Basketekin zuen kontratua, asteazkenean Bilboko klubak iragarri duenez. Entrenatzaile kataluniarrak 2024ra arte zuen kontratua Bizkaiko taldearekin; 2022-23 denboraldian ibili da lehen aldiz Miribillako taldean, eta Endesa Ligako hamabigarren tokian sailkatu da. Ponsarnauk, hortaz, gutxienez bi denboraldi gehiago emango ditu Bilbao Basketen entrenatzaile gisa.
Berritzea iragarrita, Ponsarnauk prentsaurrekoa eman du, "oso eskertuta" klubaren aldetik jasotako eskaintzagatik, Rafa Pueyo Kirol zuzendaria ondoan zuela. "Jaume hurrengo bi denboraldietan, gutxienez, izango da gurekin. Oso pozik gaude berak egindako lanarekin, taldeak izandako funtzionamenduarekin eta berak izandako inplikazioarekin, ikusita nola egokitu den eta nola nahasi den klubaren lanean", nabarmendu du Pueyok.
Ponsarnauk, bere aldetik, jokalariak goraipatu ditu: "Lagundu egin dute, denerako. Halaber, teknikari guztien lana eskertu behar dut. Topatu dudan testuingurua oso ona izan da lanerako, bai eta inguruko testuingurua ere, oso ondo sentitu naiz. Familia oso pozik dago ni hemen egoteaz, eta, nire iritziz, elkarrekin lanean jarraitzeak gauza gehiago lortzea ekar lezake", aurreratu du, epe laburrari begira.
2022-23 denboraldian, Bilbao Basketek hamabigarren postuan amaitu du Endesa Liga; Bilboko taldeak une oro izan du nahiko argi mailari eutsiko ziola, eta, hain zuzen ere, hori zen denboraldiko helburu nagusia. FIBA Txapeldunen Ligan, bestalde, Top16 fasera iritsi da. Datorren denboraldian ere txapelketa hori jokatzea espero dute, horretarako baldintzak betez gero.