Bilbao Basket
TXAPELDUNEN LIGA
Bilbao Basketek galdu egin du Istanbulen, eta asko zaildu zaio Europan jarraitzea
AGENTZIAK | EITB MEDIA
UCAM Murtziak asteazkenean Lenovo Teneriferen aurka galdu behar du eta Bilbao Basketek 23 puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi behar dio Murtziari azken jardunaldian Europan jarraitu ahal izateko.
-
Ludde Hakanson partidan. Argazkia: @bilbaobasket
Surne Bilbao Basketek porrota jaso du Istanbulen Darüssafaka Lassaren aurka (95-85), eta FIBA Txapeldunen Ligako final-laurdenetan egotea nabarmen zaildu zaio horrela; izan ere, ia miraria beharko baitu txapelketan jarraitzeko.
Beltzezko gizonek ez dute euren eskuetan sailkapena lortzea, eta asteazken honetan bertan geratuko da kanporatuta, UCAM Murtziak etxean L Multzoko liderra, Lenovo Tenerife, mendean hartzen badu.
Murtziak asteazkenean galduko balu, Bilbao Basketek sailkatzeko aukerak izango lituzke azken jardunaldian, baina, hala ere, 23 puntuko aldearekin irabazi beharko lioke Murtziari Miribillan.
Erasoan fin ekin dio Surne Bilbao Basketek norgehiagokari, eta 4-9 aurreratu da lau jokalariren puntuei esker; Olasenik bakarrik izan da erantzuteko gai izan. Britainiarraren taldekideak, baina, animatu egin dira, eta Yeboahk eta Osmanik bultzatuta, bi minutuan 10 puntu egin ditu etxeko taldeak, eta 5 puntuko aldea lortu du lehen laurdenaren erdia gaindituta (14-9).
Beltzezko gizonek ustekabeko hiru jaurtitzaile aurkitu ditu: Rabasedan, Tsalmpourisen eta Alonso. Horrela, etxekoen oldarraldiari eutsi diote eta lehen 10 minutuak aurretik amaitu dituzte bilbotarrek (22-24).
Bigarren laurdenean, bide beretik jarraitu dute bisitariek, eta Rosa bigarren mailako izarren taldera gehitu da, markagailuan hutsune garrantzitsuak irekitzen hasteko.
Horren erakusgarri dira Surnek lortutako 12 puntuak (4-14 hiru minutuan), aurrerago zituen hamarrak (38-48) edo atsedenaldira iristerako izan dituzten zortziak (44-52).
Bilbao Basket 52 punturekin iritsi da atsedenaldira (70eko balorazioa), eta horietatik 6 bakarrik izan dira bere bi saskiratzaile nagusienak: Hakanson (4) eta Smith (2).
Beltzezko gizonak ez dira aldageletatik ondo itzuli, 23-7eko emaitza jaso baitute, Olaseni geldiarazteko gai izan gabe, eta horrek asko zaildu die norgehiagoka (67-59). Hala ere, gauzak berriro zuzendu dituzte, eta garaipena lortzeko aukerekin iritsi dira azken laurdenera (69-67).
Azken partzial horrek markagailua parekatu du, bati Darüssafakak aurretik jarraitu du beti, eta bost puntura jarri da birritan (83-78 eta 88-83).
Lehenengoari erantzuteko gai izan dira beltzezko gizonak, markagailua berriro parekatzea lortuta (83-83); bigarrenari, baina, ez diote buelta eman, euren akatsek eta etxekoen lan onak eraginda. Etxekoek Bilbon galdu zuten alde berarekin irabazi dute, 10 puntuko aldearekin (95-85).
Fitxa teknikoa:
95 - Darüssafaka Lassa (22+22+25+26): Starks (13), Ozdemiroglu (13), Yeboah (5), Osmani (9) eta Olaseni (26); McCullough (15), Aaron White (12), Atar (2), Korkmaz, Mooney eta Sayili.
85 - Surne Bilbao Basket (24+28+15+18): Hakanson (6), Smith (6), Rabaseda (10), Sulejmanovic (9) eta Kyser (10); Radicevic (3), Alonso (11), Reyes (2), Rosa (10) eta Tsalmpouris (18).
Partzialak: 22-24, 44-52 (atsedenaldia); 69-67 eta 95-85 (amaiera).
Epaileak: Yohan Rosso (Frantzia), Michal Proc (Polonia) eta Radomir Vojinovic (Montenegro). Sulejmanovic kanporatu dute (38. min), 5. falta adierazita.