Itxi

Bilbao Basket

Txapeldunen Liga

Bilbao Basketek Darussafakaren aurka garaipena bereganatuta (85-75) ekin dio Top 16ari

A. B. E. | EITB Media

Bilboko taldeak mendean hartu du Turkiako Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako ligaxkan. Atsedenaldiaren ostean hautsi du norgehiagoka Surne Bilbao Basketek.

  • Bilbao Basket - Darussafaka

    Bilbao Basket - Darussafaka partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia. EFE

Surne Bilbao Basketek irabazi egin dio Darussafakari (85-75) asteazken honetan (urtarrilaren 25ean) Bilbao Arenan jokatu den Txapeldunen Ligako Top 16ko ligaxkako lehen jardunaldiko partida.

Horrenbestez, bikain ekin dio Bizkaiko taldeak final-zortzirenetako ligaxkari. Multzoko beste neurketan Lenovo Tenerifek mendean hartu du UCAM Murtzia, 85 eta 65.

Lehen hiru puntuak Bilboko taldeak bereganatu ditu Rabasedaren hiruko bati esker (3-0). Ondoren, bost puntuko abantaila izan du Bilbao Basketek, baina Darussafakak azkar erantzun du puntu bakarrera gerturatuta (9-8). Parekotasuna nagusi izan den minutu batzuen ostean, etxeko taldeak zuloa ireki du markagailuan (16-8), eta, azkenean, Bizkaikoen aldeko 18-14ko emaitzarekin amaitu dira lehen hamar minutuak.

Bigarren laurdenaren hasieran nagusi izan da Turkiako taldea; emaitza berdindu du (22-22), baita aurrea hartu ere (22-25). Bilbao Basketek aurkariaren bolada onari eutsi dio, eta desabantaila ezerezean utzi du (25-25), jarraian bi puntuko errenta (29-27) bereganatuta. Laurdenaren azken txanpan, jokoaren aginte-makila hartu du Darussafakak; talde bisitariak bost puntuko abantaila lortu du (29-34), baina Bilbao Basketek ez dio utzi zuloa handitzen, eta bi puntuko desabantailarekin joan da atsedenaldira (34-36).

Aldagelatik pasatzea ondo etorri zaio Bilbao Basketei; izan ere, hirugarren laurdenean jaun eta jabe izan baita Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldea. Etxekoak azkar jarri dira aurretik markagailuan (39-38), eta Darussafakak lehia berdindu duen arren (41-41), gehiago izan da Bilbao Basket. Pixkanaka, errenta handitzen hasi da Bilboko taldea (55-46), eta zortzi puntuko errentarekin iritsi da azken laurdenera (60-52).

Bilbao Basketek kontrolpean izan du norgehiagoka amaierako hamar minutuetan. Ponsarnauk zuzendutako taldeak ez dio aukerarik eman aurkariari; bikain ibili da defentsako zein erasoko lanean, eta Darussafakak ez du emaitza estutzeko aukerarik izan. Gauzak horrela, garaipena eskuratu du Surne Bilbao Basketek, 85-75eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

85 - Surne Bilbao Basket (18+16+26+25): Hakanson (12), Smith (14), Rabaseda (10), Sulejmanovic (8) eta Withey (8) -hasierako taldea-; Radicevic (6), Alonso (12), Reyes, Andersson (3), Kyser (12) eta Ubal.

75 - Darussafaka (14+22+16+23): Starks (14), Ozdemiroglu (6), Yeboah (8), Aaron White (2) eta Olaseni (8) -hasierako taldea-; Kormaz (6), McCullough (10), Sayili (2), Osmani (19), Kus eta Buyukcangaz.

Epaileak: Wojciech Liszka (Polonia), Lorenzo Baldini (Italia) eta Nicolas Maestre (Frantzia). Kanporaturik gabe.