Bilbao Basket
10 egunez konfinatuta
Bilbao Basketen hurrengo 3 partidak atzeratu dituzte, beste positibo baten ondorioz
L. E. A. | EITB MEDIA
Lehen taldeko kide guztiek etxean konfinatuta eman beharko dituzte datozen 10 egunak.
-
Valentzia Basket-Bilbao Basket, bilbotarrek jokatutako azken partida. Argazkia: Efe.
RETAbet Bilbao Basketek beste positibo bat antzeman du Covid-19an, asteazkenean egindako PCR probetan. Kasu hori, asteartean antzemandakoa eta Regimantas Miniotasena kontuan hartuta, hiru dira jada azken egunetan talde bilbotarrean izandako positiboak.
Protokoloari jarraituz, lehen taldeko kide guztiek hamar egun eman beharko dituzte euren etxeetan konfinatuta. Ondorioz, beltzezko gizonek hurrengo egunetan jokatu behar zituzten partidak atzeratzeko erabakia hartu du ACBk.
Atzeratutako partidak
35. jardunaldia: RETAbet Bilbao Basket-Herbalife Gran Canaria (ostirala, apirilak 30, 18.30ean)
36. jardunaldia: RETAbet Bilbao Basket-Hereda San Pablo Burgos (igandea, maiatzak 2, 17.00etan)
37. jardunaldia: RETAbet Bilbao Basket-Urbas Fuenlabrada (igandean, maiatzak 9, 17.00etan)
ACBk datozen egunetan iragarriko du norgehiagoka horiek noiz jokatuko diren eta egutegia nola egokituko duten.