Itxi

Bilbao Basket

Txapeldunen Liga

Bilbao Basketek zail du hurrengo fasera sailkatzea, Bambergen aurka galdu ostean

A. B. | EITB Media

Bilboko taldeak 90-75eko emaitzarekin galdu du Brose Bambergen aurka jokatu duen Txapeldunen Ligako 5. jardunaldiko partida.

6:11
Brose Bamberg - RETAbet Bilbao Basket

RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du Brose Bambergen aurka (90-75) jokatu duen Txapeldunen Ligako multzoen faseko bosgarren jardunaldiko partidan. Bilboko taldeak zail du txapelketa honetako hurrengo faserako txartela lortzea, azken jardunaldian aurkari izango duen Pinar Karsikayari 9 puntu baino gehiagoko aldearekin irabazi behar baitio.

Lehen laurden ona egin du Bilbao Basketek. Aurkaria baino hobea izan da Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea, eta lau puntuko abantailarekin amaitu ditu (17-21). Bigarren laurdenaren hasieran, 10 puntuko errenta ere izan du Bilbao Basketek (19-29), baina atsedenaldira iritsi aurretik Brose Bambergek desabantaila murriztu eta puntu bakarrera hurbildu da (37-38).

Atsedenaldiaren osteko lehen minutuetan, parekotasuna izan da nagusi, baina hirugarren laurdeneko azken bost minutuetan, etxeko taldea nagusi izan da, Bilbao Basketek beherakada izan du, eta Brose Bambergek ia erabakita utzi du neurketa (65-52). Amaierako hamar minutuetan, Bilbao Basketek ez du aurkaria estutasunetan jartzea lortu, eta porrota jaso du (90-75).

Fitxa teknikoa:

90 - Brose Bamberg (17+20+28+25): Hundt (11), Lockhart (10), Grüttner Bacoul (3), Sengfelder (16) eta Kravish (15) —hasierako taldea—; Ogbe (12), Hall (5), Vitali (10), Fieler (6), Shevon Thompson (2), Plescher eta Seric.

75 - RETAbet Bilbao Basket (21+17+14+23): Betolaza (3), Jenkins (16), Zyskowski (12), Miniotas (7) eta Aminu (10) —hasierako taldea—; Brown (9), Kjlajic (7), Alex Reyes (2), Kulboka (5), Huskic (3), Dos Anjos (1) eta Nahuel del Val.

Partzialak: 17-21, 37-38, 65-52 eta 90-75.

Epaileak: Nicolas Maestre (Frantzia), Oskars Lucis (Letonia) eta Erez Gurion (Israel).