Bilbao Basket
Txapeldunen Liga
Bilbao Basketek porrota jaso du Brose Bambergen aurka
Erredakzioa
Bilboko taldeak 71-77ko emaitzarekin galdu du Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiko partida. 18 puntugatik galtzen joan da, neurketa berdindu du, baina azken txanpan aurkaria izan da nagusi.
RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du Brose Bambergen aurka (71-77) jokatu duen Txapeldunen Ligako F multzoko bigarren jardunaldiko partida. Ondorioz, bigarren porrota jarraian jaso du Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak txapelketa honetan.
Hasieratik maldan gora jarri zaio norgehiagoka Bilboko taldeari, Brose Bambergek ondo ekin diolako neurketari (0-5). Bisitariak nagusi izan dira lehen hamar minutuetan, eta Bilbao Basket ezinean ibili da. Gauzak horrela, talde alemaniarrak 12 puntuko abantaila lortu du lehen laurdenaren amaieran (7-19).
Bigarren laurdenean ere jaun eta jabe izan da Brose Bamberg. Bilbao Basket noraezean ibili da, eta ezin izan du desabantaila txikitu. Alemaniarrek eroso jokatu dute, eta lehen hamar minutuetan erdietsitako errenta 15 puntura handitu dute (26-41) partida atsedenaldira iritsi denean.
Atsedenaldia ondo etorri zaio Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeari. Defentsa sendotu eta erasoan gehiago asmatu du Bilbao Basketek hirugarren laurdenean. Brose Bambergi askoz gehiago kosta zaio saskiratzeak lortzea eta defentsako lanean aurkarien jokaldiak gelditzea. Lan ona eginda, zazpi puntura murriztu ditu aldeak etxeko taldeak (51-58).
Pixkanaka, RETAbet Bilbao Basket gero eta erosoago sentitu da kantxan, eta talde alemaniarra estutasunetan jarri du. Neurketa amaitzeko lau minutu falta zirenean lehia berdintzea lortu du talde bilbotarrak (65-65) Aurrea hartzeko aukera ere izan du, baina Bilbao Basketeko jokalariak ez dira fin ibili hiruko jaurtiketetan. Azken txanpan, hobeto jokatu eta kudeatu du partida Brose Bambergek eta garaipena eskuratu du (71-77).
Fitxa teknikoa:
71 - RETAbet Bilbao Basket (7+19+25+20): Hakanson (2), Serron (7), Alex Reyes (4), Kulboka (10) eta Balvin (12) -hasierako taldea-; Rousselle (9), Brown (17), Moses (10), Jones, Dos Anjos eta Kljajic.
Entrenatzailea: Alex Mumbru.
77 - Brose Bamberg (19+22+17+19): Larson (7), Lockhart (11), Vitali (6), Sengfelder (6) eta Odiase -hasierako taldea-; Hundt (5), Hall (10), Fieler (14), Kravish (18) eta Grüttner Bacoul.
Entrenatzailea: Johan Roijakkers.
Emaitza laurden bakoitzaren amaieran: 7-19, 26-41 (atsedenaldia); 51-58 eta 71-77 (amaiera).
Epaileak: Georgios Poursanidis (Grezia), Michal Proc (Polonia) eta Zdravko Rutesic (Montenegro). Kanporaturik gabe.