Bilbao Basket
77-70
Bilbao Basketek porrota jaso du Unicajaren aurka
Erredakzioa
RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du Malagako taldearen aurka jokatu duen Endesa Ligako hamargarren jardunaldiko partida.
RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du Unicajaren aurka (77-70) jokatu duen Endesa Ligako hamargarren jardunaldiko partidan. Bost garaipen eta bost porroteko balantzea du orain Alex Mumbruk zuzentzen duen taldeak.
Neurketari hasiera ona eman dio Bilbao Basketek, 0-5 irabazten hasi baita. Pixakanaka, etxeko taldea desabantaila murrizten hasi da, eta aurrea ere hartu du, hiru puntuko errenta lortuta (13-10). Bizkaiko taldeak azkar berdindu du lehia (13-13) eta berriro aurretik jarri da (14-15). Lehen laurdeneko azken txanpan, ordea, Unicaja nagusi izan da, eta Malagako taldeak bost puntuko abantaila eskuratu du (20-15). Bilbao Basket estutasunetan egon da, baina Kulbokaren hiruko bati esker, bi puntura murriztu du desabantaila lehen hamar minutuen amaieran (20-18).
Bigarren laurdeneko lehen minutuetan Unicaja izan da jaun eta jabe, zuloa ireki duelarik (28-22), baina RETAbet Bilbao Basketek azkar erreakzionatu du, eta ez dio ihes egiten utzi (28-26). Ordutik aurrera estutu egin da norgehiagoka. Unicaja aurretik ibili da laurden guztian zehar, Bilbao Basketek neurketa berdindu duen arte (32-32). Bigarren laurdenaren amaiera oso parekatua izan da, eta etxekoak iritsi dira abantailarekin atsedenaldira (37-35).
Atsedenaldiaren ostean nagusi izan da Unicaja eta talde andaluziarra abantailak handitzen hasi da, hamar puntuko errenta eskuratu duelarik (49-39). Bilbao Basket ezinean ibili da hirugarren laurdenaren hasieran, baina minutuak aurrera joan ahala jokoa hobetu du, aldeak murrizten hasi da, eta sei puntuko desabantailarekin heldu da azken laurdenera (56-50).
Amaierako hamar minutuetan, Unicajak ez dio inongo aukerarik eman Bilbao Basketi. Malagako taldea jaun eta jabe izan da, eta azken laurdenaren erdialdean, hamabost puntuko errenta lortu du (72-57). Ia erabakita utzi du neurketa Unicajak laugarren laurdeneko lehen bost minutuetan, eta Bilbao Basketek emaitza pixka bat txukuntzea lortu duen arren, ezin izan du porrota eragotzi (77-70).
Fitxa teknikoa:
77-Unicaja (20+17+19+21): Thompson (7), Avramovic (0,)Toupane (12), Adams (14) eta Gerun (2) -hasierako taldea- Fernández (9), Diaz (11), Elegar (7), Waczynski (11), Ejim (1), Guerrero (0), eta Suarez (3).
70-Bilbao Basket (18+17+15+20): Rousselle (6), Martínez (10), Balvin (8), Sulejmanovic (9) eta Bouteille (6) -hasierako taldea- Brown (8), Rodriguez (5), Schereiner (3), Rigo (0), Cruz (-), Lammers (7) eta Kulboka (8).
Epaileak: Calatrava, Manuel eta Sanchez Cutillas.