Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Bilbao Basket

Kanaria Handiaren aurka

Bigarren partida jarraian galdu du Bilbao Basketek

Erredakzioa

RETAbet Bilbao Basketek 90-97ko emaitzarekin galdu du Herbalife Kanaria Handiaren aurka jokatu duen Endesa Ligako 8. jardunaldiko partida.

5:25
Bilbao Basket - Kanaria Handia. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek galdu egin du Herbalife Kanaria Handiaren aurka (90-97) jokatu duen Endesa Ligako zortzigarren jardunaldiko partida. Lau garaipeneko eta lau porroteko balantzea du orain Bizkaiko taldeak.

Lehen laurdena parekatua izan da, bi taldeek ondo hartu baitiote neurria elkarri. Bilbao Basketek hiru puntuko abantaila izan du (10-7), baina Kanaria Handiak aurrea hartzea lortu du (10-11), eta neurketa berdindu egin dute berriro (15-15). Hasierako laurdeneko azken txanpan, ordea, nagusi izan dira bisitariak, eta zazpi puntuko errenta eskuratu dute (17-24).

Bigarren laurdenaren hasieran ere, nagusi izan da Kanaria Handia, eta bederatzi punturaino handitu du abantaila (19-28). Bilbao Basketi kosta egin zaio aldea murriztea, baina lanean jarraitu du, eta aldea pixkanaka murrizten hasi da, bi puntura heldu arte (33-35). Lan eskerga eginda, neurketa berdindu du Mumbruk zuzentzen duen taldeak (39-39), eta aurretik jartzea lortu ostean, sei puntuko abantaila erdietsi du (49-43). Hala ere, Kanaria Handiak aldea murriztu du, eta etxekoen aldeko 49-46ko emaitzarekin heldu da partida atsedenaldira.

Atsedenaldiaren ostean, parekotasuna izan da nagusi, eta horren adibide izan dira markagailuak erakutsi dituen berdinketak (53-53, 55-55 eta 64-64). Ondoren, Bilbao Basketek aurrea hartu du (67-64), baina Kanaria Handiak 0-8ko partzialarekin erantzun dio (67-72). Bilbao Basket estutasunetan egon da, baina aurkariaren joko-bolada ona etetea lortu, eta lehia berdindu du (72-72), laurdena amaitzeko 40 segundo falta zirenean. Baloiaren azken jabetzetan, biko saskiratze bana lortu du talde bakoitzak, eta partida berdinduta iritsi da azken laurdenera (74-74).

Amaierako hamar minutuen hasieran, Herbalife Kanaria Handia izan da nagusi, eta sei puntuko abantaila hartu du (75-81). RETAbet Bilbao Basketek azkar erantzun, eta puntu bakarrera gerturatu da (80-81). Etxeko taldearen joko-bolada onari erantzun ezin hobea eman dio talde bisitariak, 0-6ko partzialarekin, eta zazpi puntuko errenta hartu du (80-87). Kanaria Handiaren erantzunak min egin dio Bizkaiko taldeari, baina etxean jokatuta eta zaleen laguntzarekin, Bilbao Basketek ez du amore eman, eta hiru puntura jarri da (90-93) partida amaitzeko minutu bat eta 23 segundo falta zirenean. Bouteillek hiruko saiakera egin du 25 segundoren faltan, baina ez du asmatu, eta Costellok neurketa erabakita utzi du Kanaria Handiarentzat (90-96). Bilbao Basketek, beraz, 90-97ko emaitzarekin galdu du Kanaria Handiaren aurka.

Fitxa teknikoa:

90 - RETAbet Bilbao Basket (17+32+25+16): Rousselle (6), Rafa Martinez (8), Bouteille (20), Kulboka (10) eta Balvin (16) –hasierako taldea–; Schreiner, Jaylon Brown (14), Sergio Rodriguez (3), Sulejmanovic (2), Lammers (3), Cruz (6) eta Rigo (2).

97 - Herbalife Kanari Handia (24+22+28+23): Cook (16), Harper (6), Okoye (5), Shurna (19) eta Costello (11) –hasierako taldea–; Radicevic (5), Paulí (4), Beiran (14), Burjanadze (17) eta Balcerowski.

Partzialak: 17-24, 49-46 (atsedenaldia); 74-74 eta 90-97 (amaiera).

Epaileak: Miguel Angel Perez Perez, Jose Ramon Garcia Ortiz eta Roberto Lucas Martinez. Ez dute inor kanporatu.