Bilbao Basket
98-96
Porrota jaso du Bilbao Basketek gorabehera handiko norgehiagoka batean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luzapen bakarra ez da nahikoa izan eta bigarren luzapenera ere deitu du epaileak txapelduna izendatu ahal izateko, izan ere, biak ala biak parekatuta aritu dira ia une oro.
-
Obradoiro 98 - Bilbao Basket 96. Argazkia: EFE
Azken hasperenean erabaki da Obradoiroren eta Bilbao Basketen arteko norgehiagokako garailea. Luzapen bakarra ez da nahikoa izan eta bigarren luzapenera ere deitu du epaileak txapelduna izendatu ahal izateko, izan ere, biak ala biak parekatuta aritu dira ia une oro, eta azkenik 98-96 bukatu da neurketa. Gauzak horrela, talde bizkaitarrak AB Ligan jokatutako partiden artean galdu duen lehena izan da larunbat honetakoa.
Endesa Ligako 3. jardunaldiari ekin dio Bilbao Basketek Multiusos Fontes do Sar kantxa galiziarrean Obradoiroren aurka, eta Alex Mumbruk hurrengo bostekoarekin ekin dio partidari: Rouselle, Rafa Martinez kapitaina, Axel Bouteille, Arnoldas Kulboka eta Ondrej Balvin.
Lehen laurdenean, talde bizkaitarra jaun eta jabe izan da eta aurrea hartu du markagailuan norehiagokaren hasiera honetan. Une oro, irabazten aritu da nahiz eta Obradoirok gerturatzea lortu duen. Gauzak horrela, 15-17 bukatu da lehen laurdena.
Bigarren laurdenean, Bilbao Basketek nagusi izaten jarraitzea lortu du eta Obradoirok estu hartu dio haginak zorroztuz eta presio gogorra eginez. Erasoan, gainera, 29-35eko partzialarekin aldea hartzea lortu duenean talde bizkaitarrak, Mageek hiru hiruko saskiratu ditu jarraian eta puntu bakarrera jartzea lortu du. Hala ere, Bilbao Basketek aldea zertxobait handitu eta azkenik, 38-41 bukatu da bigarren laurdena.
Atsedenaldiaren ostean, galiziarrek markagailua iraultzea lortu dute eta talde bilbotarra baino askoz hobe aritu dira. Hortaz, aurreko bi laurdenetan estutzen aritu ondoren, aurrea hartzea lortu dute eta 64-57 markagailuarekin eman diote amaiera biek ala biek hirugarren laurdenari.
Azken laurdenean, hortaz, ikuskizuna ziurtatuta zegoen eta ez da gutxiagorako izan. Obradoirok zortzi puntuko aldearekin ekin dio laugarrenari, baina Bilbao Basketek hasieratik landutakoari eutsi eta markagailua berdintzea lortu du. Hala ere, gorabeherak ez dira falta izan eta biak ala biak nahiko parekatuta aritu dira eta azkenik 73-73 bukatu da azken laurdena. Beraz, luzapena agindu dute epaileek. Hala ere, luzapen bakarra nahikoa ez eta bigarrenera ere deitu behar izan du epaileak, txapelduna izendatzeko 84-84 bukatu baitute lehen luzapena.
Bigarren luzapenaren ondoren, ordea, orduan bai jakin ahal izan dugu zein den hirugarren jardunaldi honetako neurketako garailea, eta talde bizkaitarra estutzen aritu den arren, 98-96 bukatu da norgehiagoka, Obradoiroren alde.