Itxi

Bilbao Basket

83-79

Bilbao Basketek bigarren garaipena jarraian lortu du Valentziari irabazita

Erredakzioa

Talde bizkaitarrak 83-79ko emaitzarekin irabazi dio Valentziari eta bi garaipen erdietsi ditu Endesa Ligako lehen bi jardunaldietan.

  • Bilbao Basket - Valentzia. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket - Valentzia partidako irudia. Argazkia: EFE

RETAbet Bilbao Basketek garaipena lortu du Valentziaren aurka (83-79) Bilbao Arenan jokatu duen Endesa Ligako bigarren jardunaldiko partidan, eta denboraldi hasierako lehen bi norgehiagokak irabazi ditu.

Hasiera bikaina eman dio Bilbao Basketek neurketari. Talde bizkaitarrak hiruko bat sartuta hasi du norgehiagoka (3-0), eta zazpi puntuko abantaila eskuratu du lehen txanpan (9-2). Ondoren, Valentziak erantzun egin du, eta lau puntura hurbildu da (16-12 eta 18-14). Hala ere, lehen laurdeneko azken minutuetan, berriro nagusi izan da talde bizkaitarra eta hamar puntuko errenta lortu du (28-18).

Bigarren laurdenean nagusi izan da Alex Mumbruk zuzentzen duen taldea. RETAbet Bilbao Basket eroso ibili da defentsan zein erasoan, eta abantailak handitzen joan da. Valentzia ezinean ibili da, ez du jakin nola gelditu Bilbao Basketen erasoko jokoa, eta kosta egin zaio talde bizkaitarraren defentsa zulatzea. Ondorioz, 19 puntuko aldearekin iritsi da atsedenaldira Bilbao Basket (53-34).

Aldageletan atsedena hartu eta kantxara itzuli ostean, Bilbao Basketek 20 puntuko aldea eskuratu du (57-37). Laurdenaren lehen erdian eroso ibili da talde bilbotarra, Valentziak erreakzio txiki bat izan du ondoren, eta desabantaila pixka bat murriztea lortu du, nahiz eta etxeko taldeak errenta erosoarekin amaitu duen hirugarren laurdena (71-57).

Garaipena nahiko bideratuta izan du Bilbao Basketek, baina azken laurdenean Valentzia desabantaila murrizten hasi da, amaierarako 4'07" falta zenean, bi puntura gerturatuta (71-69). Ordutik amaierara arte, estu joan da lehia. Partidak 75-73ko emaitza zuelarik, Kulbokak hirukoa sartu eta bost puntuko abantaila eman dio Bilbao Basketi (78-73). Amaierarako hamasei segundo falta zirela, bi puntura jarri da Valentzia (81-79). Ondoren, Rafa Martinezek bi jaurtiketa libre sartu ditu (83-79), Valentziak azken jabetza izan du, ez du asmatu, eta garaipena etxean geratu da.

Fitxa teknikoa:

83 - RETAbet Bilbao Basket(28+25+18+12): Rousselle (9), Rafa Martínez (16), Bouteille (13), Kulboka (14) eta Balvin (7) -chasierako taldea-; Schreiner, Brown (6), Sergio Rodriguez (5), Cruz (8) eta Lammers (5).

79 - Valentzia Basket (18+16+23+22): Van Rossom (14), Abalde, Marinkovic (3), Doornekamp (3) eta Dubljevic (10) -hasierako taldea-; Quino Colom (2), Vives (15), San Emeterio (7), Sastre, Labeyrie (4), Motum (13) eta Tobey (8).

Partzialak: 28-18, 53-34 (atsedenaldia); 71-57 eta 83-79 (amaiera).

Epaileak: Carlos Peruga, Rafael Serrano eta Cristobal Sanchez.