Bilbao Basket
81-61
Bilbao Basketek jipoia jaso du Zaragozaren aurka
eitb.eus
RETAbet taldeak 81-61 galdu du Tecnyconta Zaragozaren aurka Endesa Ligako 24. jardunaldiko partida. Etxeko taldea nagusi izan da, eta talde bizkaitarra ezinean ibili da.
RETAbet Bilbao Basketek jipoia jaso du Tecnyconta Zaragozaren aurka (81-61) Endesa Ligako 24. jardunaldiko partidan. Talde bizkaitarra ezinean ibili da, eta etxeko taldeak merezitako garaipena lortu du.
Bi taldeek kaskar ekin diote neurketari eta ez dira fin ibili aurkariaren saski aurrean. Gainera, azkar jokatzea erabaki dute, eta ez dute baloia kontrolpean eduki. Joko-mota hau etxeko taldearen mesederako izan da, eta Zaragozak 4 puntuko abantaila lortu du lehen hamar minutuen amaieran (17-13).
Bilbao Basketek ondo ekin dio bigarren laurdenari eta erasoko errebotean nagusitu da. Hala ere, talde bizkaitarra gaizki ibili da jaurtiketetan eta pixknaka, etxeko taldea abantila hartzen hasi da. Zaragozak 17 punturainoko errenta lortu du (39-22), nahiz eta talde bizkaitarrak desabantaila murriztu egin duen atsedenaldira iritsi orduko (39-28).
Atsedenalditik bueltan, saiatu da RETAbet Bilbao Basket bere jokoari intentsitate handiagoa jartzen, baina alferrik, ez baitute jaurtiketekin asmatu. Ondorioz, Tecnyconta Zaragozak arazo gehiegirik gabe lortu du aurretik eskuratutako abantailari eustea. Gainera, etxeko taldeak neurketa erabakita utzi du hirugarren laurdenean (66-45), 21 puntuko abantaila eskuratuta.
Azken laurdenerako erabakita egon da neurketa. Bilbao Basket saiatu da emaitza txukuntzen, baina ez du lortu. Zaragozak, aldiz, lasai eta gozatuz jokatu ditu azken hamar minutuak, eta garaipen erosoa lortu du (81-61).
Fitxa teknikoa:
81 - Tecnyconta Zaragoza (17+22+27+15): Bellas (16), Blums (8), Neal (13), Dragovic (-), De Jong (11) -hasierako bostekoa- Stoll (12), Triguero (7), Barreiro (2), Mazalin (-), Michalak (9) eta Alex Suarez (3).
61 - RETAbet Bilbao Basket (13+15+22+11): Tabu (8), Hammink (10), Pere Tomas (7), Hervelle (5), Gladness (1) -hasierako bostekoa- Thomas (13), Rebic (5), Redivo (2), Salgado (-), Mumbru (3) eta Bentil (7).
Epaleak: Hierrezuelo, Garcia Ortiz eta Padros.