Bilbao Basket
Endesa Liga
Garaipen erosoa lortu du RETAbet Bilbao Basketek Joventuten aurka (99-74)
Agentziak | Erredakzioa
Bilbotarrek 25 puntuko aldearekin gailendu dira. Partida hirugarren laurdenean hautsi dute.
RETAbet Bilbao Basketek jipoia eman dio Divina Seguros Joventut taldearena Bilbao Arenan jokatutako partidan. 99-74 gailendu dira bilbotarrak eta jaitsiera postuetatik kanpo jarraitzen dute. Joventut dago orain zuloan sartuta.
Garaipen argia lortu dute beltzezko gizonek, partidako momentu ezberdinetan egindako bi partzialei esker. Hirugarren laurdenerako neurketa erabakita izan da bizkaitarren alde.
Lehen partziala, 15 eta 0ekoa, lehen 10 minutuetan egin dute Veljko Mrsicen jokalariek, eta horri esker, 27-13 izan dira aurretik lehen laurdenaren amaieran. Bigarrena, 20 eta 0ekoa, hirugarren laurdenean egin dute.
RETAbetek partida ona egin du, eta Jonathan Tabu izan da onenetarikoa. Orain arteko neurketarik onenetarikoa jokatu du Tabuk (14 puntu, 6 errebote, 6 asistentzia eta 20ko balorazioa). Devin Thomasek (14 puntu, 3 lapurreta eta 19ko balorazioa) eta Lucio Redivok (17 puntu) ere lan ona egin dute.
Joventut sei puntura hurbildu da zenbait momentutan (32-26, 34-28) baina Gladnessen eta Fischerren lanak aldea zabaltzea ekarri du (41-29, 44-32). Atsedenaldiaren atarian, Kulvietisen hiruko batek 44 eta 35eko emaitza jarri du markagailuan.
Hirugarren laurdenean, Joventut zazpi puntura jarri da bi alditan (44-37, 54-47). Baian orduan bilbotarrek 20 eta 0eko partziala egin dute eta hirugarren laurdena 74-57 amaitu da.
Azken laurdenean gauzak ez dira aldatu, eta 35 puntuko aldea ere izan dute Mrsicen jokalariek (93-58) amaierarako 5:52ren faltan. Horrela, bilbotarrek garaipen erosoa lortu dute, 99-74, Ligako seigarrena.
Fitxa teknikoa
99 - RETAbet Bilbao Basket (27+17+30+25): Tabu (14), Todorovic (11), Hammick (2), Hervelle (7) y Thomas (7) -hasierako boskotea-, Fischer (12), Redivo (17), Tomás (4), Mumbrú (11), Gladness (14) eta Mendia ().
74 - Divina Seguros Joventut (13+22+12+27): Wayns (11), Richard (18), Vidal (1), Kulvietis (6) y Jordan (12) -hasierako boskotea-; Dimitrijevic (12), Ventura (5), Nogués (3), Gielo (1), eta Birgander (5).
Partzialak: 27-13, 44-35 (atsedenaldia); 74-47 eta 99-74 (amaiera).