Bilbao Basket
99-91
Bilbao Basketek porrota jaso du Andorraren aurka
Erredakzioa
RETAbet taldeak 99-91 galdu du MoraBancen aurka Endesa Ligako 13. jardunaldian. Neurketa parekatua izan da, eta azken bi minutuetan erabaki da Andorrako taldearen alde.
RETAbet Bilbao Basketek porrota jaso du MoraBanc Andorraren aurka (99-91) Endesa Ligako 13. jardunaldian eta talde bizkaitarrak 4 garaipeneko eta 9 porroteko balantzea du sailkapenean.
MoraBanc Andorra nagusi izan da lehen laurdenean. Bilbao Basketek ia laurden guztia eman du atzetik markagailuan eta etxeko taldeak zazpi punturainoko abantaila (13-6) izan du, baina Bilbao Basketek aldeak murriztea lortu eta puntu bakarrera gerturatu da. Andorrak, ordea, hobeto jokatu ditu lehen laurdeneko azken jabetzak eta hasierako hamar minutuak MoraBancen aldeko 24-19ko emaitzarekin amaitu dira.
Bigarren laurdenari kaskar ekin dio RETAbet Bilbao Basketek eta Andorrak abantaila hartu du (27-20). Mrsicek zuzentzen duen taldeak azkar erreakzionatu eta neurketa estutzea lortu du berriro, baina atsedenaldira iritsi orduko, etxeko taldea nagusitu da, eta bost puntuko errenta eskuratu du (48-43).
Atsedenaldiaren ostean, kosta egin zaio Bilbao Basketi partidaren dinamikan sartzea, baina zortzi puntuko desabantaila izan duen arren, ez du etsi, neurketa parekatzea lortu, eta aurrea ere hartu du makagailuan (62-66). Hala ere, Morabanc Andorrak ondo jokatu ditu azken minutuak eta hirugarren laurdena ere aurretik bukatu du (71-68).
Azken laurdena oso parekatua izan da. Bi taldeek izan dtuzte markagailuan aurrea hartu duten uneak eta amaierarako hiru minutu falta izan direnean berdinduta egon da neurketa (81-81). Amaierako bi minutuetan, ordea, MoraBanc Andorra nagusi izan da. Bilbao Basketek hutsak egin ditu aurkariaren saski aurrean eta galtzaile atera da (99-91).
Fitxa teknikoa:
99-Morabanc Andorra (24+24+23+28): Fernández (15), Blazic (13), Jankovic (11), Diagne (12), Shurna (13) –hasierako bostekoa-, Stevic (4), Karnowoski (3), Albicy (-), Walker (2), Colom (3), Jelínek (23) eta Gacic (-).
91-RETAbet Bilbao Basket (19+24+25+23): Salgado (8), Hervelle (-), Todorovic (8), Gladness (11), Hammink (4)- hasierako bostekoa-, Tabu (16), Thomas (14), Mendia (-),Mumbrú (14), Pere Tomas (16) eta Vucetic (-).
Epaileak: PEREA, Oscar - CASTILLO, Luis Miguel - TORRES, Javier.
>