Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Limogesek Bilbao Basketen bolada ona eten du (91-98)

Agentziak | Erredakzioa

Erasoko jokoa nagusitu da partidan zehar, defentsen gainetik, eta azkenerako frantziarrak iaioago aritu dira saskiaren aurrean.

  • Bilbao basketek ezin izan du laugarren garaipena errenkadan kateatu. Argazkia: EFE

    Bilbao basketek ezin izan du laugarren garaipena errenkadan kateatu. Argazkia: EFE

Limoges CSP taldeak bertan behera utzi du RETAbet Bilbao Basketek azken sasoian pilatuta zuen hiru garaipeneko bolada ona. Horrenbestez, frantziarrek poltsikoratu dute Miribillako Bilbao Arenan jokatu den norgehiagoka lehiatua (91-98).

Limogesek oso ondo ekin dio Eurokopako bigarren jardunaldiko partidari, eta erdi lo harrapatu ditu bilbotarrak. Hartara, Gibsonek sartutako bederatzi punturi esker frantziarrek 11 punturen aldea hartu dute hasi eta berehala (2-13). Laugarren minutuan, markagailuak 4-17 irudikatzen zuen Miribillan bildu diren jarraitzaileen harridurako.

Jarraian, baina, etxekoek erreakzionatu egin dute eta 19-23 eta 25-27 jarri dira. Lehenengo laurdenaren amaieran azkenean emaitza 25-29 izan da.

Norgehiagoka saskiratzeen jario etengabean murgilduta jarraitu du, eta atsedenaldira 100 puntu baino gehiago sartuta iritsi dira bi taldeak (48-53), betiere Limoges aurretik izanik.

Aldageletatik bueltan partida ez da asko aldatu, eta talde biek erasokor jardun dute, eta 72-78 heldu dira hirugarren laurdenera.

Azken hamar minutuetan puntuen joan-etorria gutxitu egin da zertxobait. Aitzitik, azken txanpan, Limogesek berreskuratu egin du saskiratzeak pilatzeko erritmoa, eta horrek balio izan dio bai 80-89 aurreratzeko, bai etxekoen susperraldia eteteko. Hartara, azken emaitzak (91-98) frantziarren ondo egindako lana islatzen du.

Fitxa teknikoa:

RETAbet Bilbao Basket: 91 (25+23+24+19): Tabu (8), Redivo (11), Tomas (8), Hervelle (5) eta Gladness (6) ?hasierako bostekoa?; Fischer (4), Todorovic (19), Hammink (10), Mumbrú (14), Vucetic (2), Kempton (4) eta Mendia.

Limoges: 98 (29+24+25+20): Gibson (11), Bouteille (10), Howard (11), Josh Carter (12) eta Jaiteh (17) ?hasierako bostekoa?; AJ English (7), Hayes (14), Morency (2), Conklin (14) eta Zerbo.

Partzialak: 25-29, 48-53 (atsedenaldia); 72-78 eta 91-98 (amaiera).

Epaileak: Robert Vyklicky (Txekia), Jurgis Laurinavicius (Lituania) eta Renaud Geller (Belgika). Mumbru kaleratu dute faltengatik (36. min) eta Tomas teknika bat eta kirolez kontrako bat batzeagatik (37. min).