Itxi

Bilbao Basket

37 urte beteko ditu laster

Javi Salgadok beste urtebetez jarraituko du Bilbao Basketen

Agentziak | Erredakzioa

Santutxuko antolatzaileak, hala, hamaikagarren denboraldia emango du Miribillako klubean; oraingoz, 397 partida jokatu ditu Bilboko taldearekin.

  • Javi Salgadok beste urtebetez jarraituko du Bilbao Basketen. Argazkia: EiTB.

    Javi Salgadok beste urtebetez jarraituko du Bilbao Basketen. Argazkia: EiTB.

RETAbet Bilbao Basketek baieztatu duenez, Javi Salgadok kontratua berritu du, eta, hortaz, hamaikagarren denboraldia izango du hurrengoa bizkaitar taldean.

Abuztuaren 6an, 37 urte beteko ditu Salgadok. Guztira, orain arte, 397 partida jokatu ditu Bilbao Basketekin, klubean egon den bi aroak kontuan izanik; izan ere, 2001etik 2010era arte bertan izan zen (LBB 2tik ACBraino gidatu zuen taldea), bai eta aurreko denboraldian ere (sei urte eman zituen aurretik Gipuzkoa Basketen eta Estudiantesen).

Santutxuko antolatzailearekin, Bilbao Basketek 14 jokalari ditu: Jonathan Tabu, Ricardo Fischer eta Salgado antolatzaileak; Lucio Redivo, Shane Hammink, Alex Mumbru, Pere Tomas eta Dejan Todorovic kanpoko jokalariak; eta Axel Hervelle, Jameel McKay, Tim Kempton, Vasilije Vucetic, Borja Mendia eta Ivan Buva pibotak.

'Oso pozik jarraitzeagatik'

'Oso pozik nago Bilbao Basketen eta nire hirian jarraitzeko aukera izateagatik. Ametsa zen aurreko urtean jokatu izatea ere; beste urtebetez egotea, hortaz, are handiagoa', esan du Salgadok, klubak berak zabaldutako adierazpenetan.

Santutxuko antolatzailearen iritziz, oraindik oso goiz da helburuak ezartzeko, nahiz eta Bilbao Basketek 'Kopan eta playoffean sartzea zehaztu izan dituen helburu gisa'; izan ere, 'jokalari guztiak moldatu behar dira, eta ikusi behar da ea nola funtzionatzen duen esperientziak eta gaztetasunak osatutako nahasketa horrek. Hainbat jokalari berri daude Ligan, eta denboraldi-aurrean asko lan egin beharko dugu, txapelketa ezagutu dezaten eta taldea osatu dadin', nabarmendu du.

nabarmendu du.