Itxi

Bilbao Basket

92-79

Bilbao Basketek garaipen handia lortu du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Dominionek 92-79 irabazi dio Barçari Bilbao Arenan eta talde bizkaitarrak Endesa Ligaren buruan jarraitzen du Iberostar Tenerifere liderrarekin berdinduta.

5:30

Dominion Bilbao Basketek garaipen handia lortu du Bartzelonaren aurka (92-79) Bilbao Arenan eta Endesa Ligan jokatu dituen lau partidetatik laurak irabazi ditu talde bizkaitarrak. Carles Duranek zuzentzen duen taldea sailkapeneko bigarren postuan da Ibrostar Teneriferekin berdinduta.

Partidari hasiera ezin hobea eman dio Bilbao Basketek eta Bartzelona aise menderatu du lehen minutuetan. Abantaila handia hartu du Dominionek (27-4) eta lehen laurdenaren azken txanpan Barçak aldeak murriztea lortu du (27-18). Bigarren laurdena, ordea, parekatuagoa izan da. Bartzelona esnatu egin da, eta gauzak zailago jarri dizkio etxeko taldeari. Bilbao Basket, ordea, ez da behera etorri eta atsedenaldira aurretik iristea lortu du (38-34).

Atsedenaldiaren ostean partidak parekatuta jarraitu du. Bi taldeak nor baino nor ibili dira bai defentsan baita erasoan ere, baina hirugarren laurdeneko azken txanpan Bilbao Basketek hobeto baliatu ditu amaierako jabetzak eta zortzi puntuko aldea eskuratu du (68-60). Bartzelonak hiruko batekin ekin dio azken laurdenari, baina Dominionek erritmo bizia ezarri dio lehiari eta partida bukaerarako minutu bat eta 17 segundo falta izan direnean partida erabakita uztea lortu du (88-75). Azken minutu eta laurdenari 13 puntuko abantailarekin ekin io Dominionek eta garaipenak ez dio ihes egin (92-79).

Fitxa teknikoa:

92 - Dominion Bilbao Basket (27+11+30+24): Borg (3), Lapornik, Mumbrú (25), Hervelle (5) eta Eric (12) -hasierako bostekoa-; Tabu (4), Salgado (3), Bamforth (25), Todorovic (5), Nikolic (3) eta Buva (7).

79 - FC Bartzelona (18+16+26+19): Rice (29), Oleson (9), Claver (1), Doellman (15) eta Tomic (4) -hasierako bostekoa-, Peno (2), Navarro, Eriksson (5), Perperoglou (3), Vezenkov (5) eta Dorsey (6).

Partzialak: 27-18, 38-34 (atsedenaldia); 68-60 eta 92-79 (amaiera).

Epaileak: Miguel Angel Perez Perez, Jorge Martinez Fernandez eta Rafael Serrano.

Rafael Serrano.