Itxi

Bilbao Basket

93-89

Bilbao Basketek ezusteko porrota jaso du Rio Natura Monbusen aurka

Erredakzioa

Dominionek 93-89 galdu du talde galiziarraren aurka eta porrot honek asko zailtzen dio Endesa Ligako playoffetarako sailkapena.

  • Rio Natura Monbus-Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Rio Natura Monbus-Dominion Bilbao Basket (93-89). Argazkia: EFE

Dominion Bilbao Basketek 93-89 galdu zuen Rio Natura Monbusen aurka Galizian eta porrot honek asko zailtzen dio Endesa Ligako playoffetan sartzea.

Partidari ondo ekin zion Bilbao Basketek eta markagailuan agintzen hasi zen (2-7), baina pixkanaka etxeko taldeak bere jokoa hobetu eta norgehiagoka parekatzea lortu zuen (8-10). Dominion aurretik ibili zen markagailuan lehen laurdenaren amaierara arte, baina Rio Natura Monbusek azken minutu ona jokatu eta lehen hamar minutuak berdinduta amaitzea lortu zuen (17-17).

Bigarren laurdenean Dominionen gainbehera etorri zen. Hasiera parekatu baten ostean (24-23) Galiziako taldea erabat nagusi izan zen, eta markagailuan aldeak handitzen hasi zen, 15 puntuko abantaila lortzeraino (38-23). Bilbao Basket ezinean ibili zen, oso laurden txarra jokatu zuen Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak eta 21 puntuko desabantailarekin iritsi zen atsedenaldira (49-28).

Atsedenalditik kantxara itzuli eta jarraian, Bilbao Basketek aldeak murriztea lortu zuen 0-10eko partzialarekin eta Rio Natura Monbusekiko 11 puntura jarri ziren (49-38). Etxeko taldea une txarrak pasatzen ari zen, baina garaiz erreakzionatu zuen. Galiziarrak berriro ondo jokatzen hasi eta Bilbao Basket baino gehiago izan ziren. Ondorioz, etxekoen aldeko 63-47ko emaitzarekin bukatu zen hirugarren laurdena.

Azken laurdenerako dena erabakita zegoela ematen zuen, baina Bilbao Basketek ez zuen etsi nahi eta aldeak murrizten hasi zen. Amaierarako 2 minutu eta 29 segundo falta zirenean hamar puntura gerturatau da Bizkaiko taldea (73-63) eta ekinean jarraitu du, aldeak murriztuz. Bukaerarako minutu t'erdi falta zirenean lau puntura hurbildu zen Dominion (75-71). Ondoren, Rio Natura Monbusek saskiratzea lortu du (77-71), eta azken bi jabetzetan bi hiruko jarraian lortu ditu Bilbao Basketek; ondorioz, partida berdindu du lehia amaitzeko 8 segundoren faltan. Azken jabetzan Rio Natura Monbusek saskiratzea lortu zuen, baina bideoa ikusita, epaileek saskiratzea ez zela legezkoa adierazi zuten (77-77). Horrenbestez, luzapenera jo behar izan zuten.

Rio Natura Monbusek hasiera bikaina eman zion luzapenari bi hiruko jarraian sartuta eta sei puntuko abantila lortu zuen (83-77). Mumbruk beste hiruko batekin erantzun zuen (83-80), baina Galiziako taldea ondo ibili zen erasoko jokoan eta bederatzi puntu jarraian sartuta, 9 puntuko abantaila lortu zuen (89-80). Abantaila horrek, partida etxekoen alde erabakita utzi zuen. Bilbao Basket nekatuta iritsi zen luzapenera azken laurdenean egindako lan handiagatik eta amaieran porrota jaso zuen, 93-89ko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

93-Rio Natura Monbus Obradoiro (17+32+14+14+16): Donnie McGrath (9), Tyler Haws (10), Eimantas Bendzius (22), Angelo Caloiaro (16), Aleks Maric (2) -hasierako bostekoa-, Juanjo Triguero (6), Alec Brown (6), Evgeny Kolesnikov (5), Santi Yusta (2), Kostas Vasileiadis (7) eta Pepe Pozas (8).

89-Dominion Bilbao Basket (17+11+19+30+12): Clevin Hannah (15), Dairis Bertans (18), Alex Mumbru (21) Axel Hervelle (5), Georgios Bogris (6) -hasierako bostekoa-, Alex Ruoff (6), Tobias Borg (-), Marko Todorovic (5), Mirza Begic (2), Raul Lopez (8) eta Alex Suarez (3).

Epaileak: Antonio Conde, Carlos Sánchez Montserrat eta Andres Fernandez.