Bilbao Basket
Endesa Liga
Bilbao Basketek ez du aukerarik izan liderraren aurka (85-49)
Erredakzioa
Sito Alonsoren gizonek galdu dute Fontetan, Valentziaren kontra. Etxekoek erakutsi dute zergatik dauden lehen postuan eta zer dela eta irabazi dituzten partida guztiak.
-
Bilbao Basketek ez du partida onik egin Valentzian. Argazkia: EFE.
Dominion Bilbao Basketek ez du aukerarik izan Fontetan, Valentziaren aurka, eta 85-49 galdu dute liderraren etxean, bigarren itzuliko lehen jardunaldian. Sito Alonsoren taldeak ezin izan dio jarraipenik eman azken egunotako emaitza onei, Kopan sartu ondoren eta Munichen garaipen bikaina erdietsi ostean. Valentziak erakutsi du zergatik dagoen Endesa Ligako lehen postuan eta zer dela eta dauzkan 18 garaipen eta irabazi dituen neurketa guztiak.
Hasiera-hasieratik jarri du Valentziak markagailua bere alde; izan ere, errazegi apurtu dute partida Pedro Martinezen gizonek. Bilbao Basketek zailtasun handiak izan ditu puntuak lortzeko: lehen 15 minutuetan, 10 puntu baino ez ditu sartu, denak lehen laurdenean, eta lehen zati osoan 18 soilik. 43-18 zen emaitza atsedenaldian, eta horrek islatzen zuen jokoan jazotzen ari zena; Bilbao Basket ez da egon espero zen mailan, inolaz ere.
Hirugarren laurdenean, Bilbao Basket apur bat esnatu da, eta joko hobea egin du; halere, bakarrik lortu ahal izan du aldea ez haztea atsedenaldira arte bezain azkar. Azken laurdenaren faltan, 66-36 zegoen markagailua.
Partidako azken txanpan ez du Bilbao Basketek albiste onik izan. Sito Alonsoren gizonak ez dira fin ibili erasoan, eta ezin izan dute aldea gutxienez murriztu. Amaieran, 85-49, 36 puntuko aldea; bilbotarrek ahalik eta lasterren ahaztu beharko dute partida hau, Ligan eta Europan daramaten ibilbide onari eusteko.
Fitxa teknikoa:
VALENCIA BASKET: Vives (17), Martinez (4), Lucic (7), Sikma (7), Hamilton (4) –hasierako boskotea--; Diot (13), Stefansson (6), Trias (2), Sato (6), Dubljevic (13), San Emeterio (3) eta Shurna (3).
DOMINION BILBAO BASKET: Ruoff (3), Borg (6), Bertans (5), Hervelle (-) eta Bogris (10) –hasierako boskotea--; Raul Lopez (3), Hannah (12), Alex Suarez (-), Todorovic (2), Mumbru (8) eta Mendia (-).
eta Mendia (-).