Bilbao Basket
Eurocup
Bilbao Basketek lidergoa sendotu du Nanterreri irabazita
Erredakzioa
Dominionek 52-83 irabazi dio talde frantziarrari, eta Eurokopako A multzoko lehen postuan jarraituko du beste jardunaldi batez.
-
Bilbao Basketek garaipena lortu du Nanterreren aurka. Argazkia: EiTB
Dominion Bilbao Basketek 52-83 jipoitu du Nanterre, eta Eurokopako A multzoko lidergoa sendotu du. Partida Parisen izan da, segurtasun-neurri berezi artean, baina arazorik gabe jokatu ahal izan da. Norgehiagoka hasi baino lehen, minutu bateko isilunea egin dute eta 'Marseillesa' ereserkia abestu dute.
Hasieratik nagusi izan da talde bizkaitarra. Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak 0-10eko partziala lortu du lehen minutuetan, eta lehen laurdenaren amaieran, 11 puntuko aldea eskuratu du Dominionek (9-20). Bigarren laurdenean, ordea, etxeko taldeak bere jokoa hobetu du, eta aldeak murrizten hasi da, baina talde bizkaitarrak garaiz erreakzionatu du, eta 29-44ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.
Atsedenalditik itzuli ostean, Bilbao Basket jaun eta jabe izan da, eta abantailak handitzea lortu du hirugarren laurdenean (42-65). Azken laurdenerako, partida guztiz erabakita egon da. Nanterre ez da markagailua txukuntzeko gai izan, eta Bilbao Basketek aise irabazi du (52-83).
Fitxa teknikoa:
52 - JSF Nanterre (9+20+13+10): Terrance Campbell, Gerald Robinson (7), Mykal Riley (8), Tasmin Mitchell (11) eta Jaiteh (12) -hasierako bostekoa-; Nzeulie (6), Racine, Invernizzi (3), Brian Green (3) eta Raposo (2).
83 - Dominion Bilbao Basket (20+24+21+18): Hannah (20), Bertans (11), Mumbru (14), Alex Suarez (14) eta Bogris (9) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (4), Ruoff (9), Dejan Todorovic, Borg eta Mendia (2).
Partzialak: 9-20, 29-44 (atsedenaldia); 42-65 eta 52-83 (amaiera).
Epaileak: Petros Papapetrou, Amit Balak eta Mario Majkic.