Itxi

Bilbao Basket

ACB Kopa

Bilbao Basketek duintasunez esan dio agur Kopari, Unicajaren aurka

L.E. | eitb.eus

Sito Alonsoren taldeak partida ona jokatu du, baina Unicajak ez dio aukerarik eman. 86 eta 78 izan da azken emaitza.

1:26

Bilbao Basketek agur esan dio Errege Kopako ametsari Unicajarekin final-laurdenetan 86 eta 78 galduta. Beltzezko gizonak amaierara arte lehiatu dira, baina andaluziarrak hobeak izan dira.

Granger (18 puntu) eta Kuzminskas (15) izan dira andaluziarren artean onenak. Bilbotarren artean, berriz, Bertans eta Colom nabarmendu dira, 17na punturekin.

Partida bizi-bizi hasi da, bi taldeak erasora jokatuta, eta ondo gainera, 6,75 metroko marratik egindako jaurtiketetan, batez ere. Mumbruk eta Bertansek euren gain hartu dute taldearen ardura, eta bilbotarrak 6 eta 11 jarri dira aurretik.

Baina pozak gutxi iraun du. Malagako taldeak jokoa estutu du eta 21 eta 17 aurreratu dira lehen laurdenaren amaierarako.

Bigarren laurdenean, bizkaitarrak hobeto aritu dira, eta partida 33 puntura berdintzea lortu dute. Atsedenaldirako, baina, Unicajak markagailua iraultzea lortu du berriro: 41-37.

Hirugarren eta laugarren lardenetan ezer gutxi aldatu da: andaluziarrek jokoa kontrolpean izan dute, une batean Bilbao Basket bost puntura jartzea lortu duen arren (75-70, amaierarako sei minuturen faltan).

Azkenean, Unicaja gailendu da, 86 eta 78, eta Bartzelona izango du aurkari finalerdietan.

Fitxa teknikoa:

86 - Unicaja (21+20+27+18): Markovic (10), Toolson (10), Suárez (7), Vázquez (4) eta Green (6) -hasierako boskotea-; Granger (18), Golubovic (-), Kuzminskas (15), Thomas (7), Vasileiadis (2), Gabriel (-) eta Stefansson (7).

78 - Bilbao Basket (17+20+22+19): Colom (17), Bertans (17), Mumbrú (13), Marko Todorovic (12) eta Hervelle (-) -hasierako boskotea-; Dejan Todorovic (-), Williams (9), López (8), Andjusic (2), Borg (-), Mendia (-) eta Wragge (-).

.