Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Manresako partida iraulita, irabazten jarraitu du Bilbao Basketek

Mikel Dominguez | eitb.eus

Beltzezko gizonek lan ona egin dute La Bruixa d'Or taldearen kantxan, eta denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu dute, bukaera estu batean (76-77).

1:20

Denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu du Bilbao Basketek, La Bruixa d'Or Manresaren kontrako partida iraulita. Alde handiarekin galtzen hasi arren, atzeko ordenak eta Anjusic (19 puntu, denboraldiko zenbakirik altuena), Marko Todorovic (14) eta Raul Lopez (10) jokalarien lanak saria eman diote Bilbao Basketi.

Denboraldi honetako laurdenik txarrena egin du Bilbao Basketek, 28 puntu jasota. Gainera, jokalariek ez dute asmatu saskiratzeko orduan. Manresak agindu du lehenengo minutuetan (12-2), eta nagusitasunez bukatu du lehenengo laurdena, kantxan eta markagailuan (28-15).

Bigarrenean, aldiz, beltzezkoak esnatu egin dira. Hiru hiruko jaurtiketa jarraian sartuta, aldea murriztu dute, eta partidan sartu da berriro Bilbao Basket (28-28). Manresak, gero, berriz egin du ihes markagailuan, baina neurketa piztu egin da, eta jokoa berdindu.

Mumbruren hiruko batek (Bilbao Basketek 7 sartu ditu laurden honetan) 41eko berdinketa ezarri du. Beltzezkoek burua erabili dute, eta defensako lanak hobetu dituzte, norgehiagoka orekatzeko. Lehenengo laurdeneko ia puntu berdinak sartuta, baina alderantziz, eta Andjusicen 15 puntuei esker (lehenengo zatiko antolatzaileak denboraldiko partida onena jokatu du, eta 19 puntu egin ditu), 44-43 joan dira atsedenaldira.

Beltzezko gizonek berdinketa lortu dute hirugarren laurdenean (59-59), lehenengo aldiz aurretik jarrita, eta puntu bateko aldearekin, laurdenaren amaierara heltzeko, Raul Lopezen lanari esker (60-61).

Bi hiruko zail eta bikainek diferentzia ireki dute bilbotarren alde (60-67), baina Bilbao Basketen aritutako Roger Grimauk norgehiagoka berdindu du (69-69).

Bukaera trabatua izan da, eta presio handia izan da bi aldeetan. Nekea ere nabari izan da, eta bi taldeek irabazi ahal izan dute, baina balantza Bilbao Basketen alde jarri da azken segundoetan. Ondorioz, goiko postuei begira jarraitzen du Bilboko taldeak.