Bilbao Basket
Munduko Kopa
Bilbo zeharkatu du saskibaloi pilota batek, eskuz esku
Erredakzioa
Inoiz saskibaloi pilota batek egindako bidaia luzeena erabili dute Munduko Kopa iragartzeko. Madrilen hasi zen, eta Granadan bukatuko da, abuztuaren 30ean.
Bilbo zeharkatu du saskibaloi pilota batek. Munduko Saskibaloi Kopako egoitza da Bizkaiko hiriburua. Zuzi olinpikoak bezala, 500 kilometro bete ditu pilotak, 6 egunetan, Madriletik uztailaren 23an irten zenetik.
Pau eta Marc Gasol izan ziren lehenengo errelebulariak. Madrileko Kirol Jauregian hasi zen 'Tour Ciudadano 0,0'-ren bidea. Bilbok testigua hartu du, eta 18 pertsonak 500na metroko zatiak egin dituzte Bilbon zehar.
Ekitaldian Bilbo-Bizkaia egoitzako zuzendari Txus Rojo eta Fernando Romay jokalari ohia egon dira, besteren artean. Gero, Gradanarako bidea jarraitu du pilotak. Abuztuaren 30ean iritsiko da Andaluziako hirira, errelebularien artean eskuz esku igarota.
Antolatzaileen arabera, inoiz saskibaloi pilota batek egindako bidaiarik luzeena da. Guztira, 5.200 kilometro, 22 hiri, Munduko Kopako sei egoitzak barne, eta 60 herri baino gehiago.