Bilbao Basket
Protesta
Bilbao Basket berriz onartzeko eskaria egin diote zaleek ACBri
Erredakzioa
Bilboko taldeko bazkideak eta zaleak Munduko Txapelketaren baloi erraldoiaren aurrean elkartu dira, eta astearterako manifestazioa deitu dute, 19:30etan.
Bilbao Basketeko zaleak Bilboko Udalaren aurrean bildu dira, taldea Endesa Ligatik kanpo uzteko ACBren erabakiaren kontra protesta egiteko, eta taldeak txapelketan parte hartzeko "artikulu guztiak" betetzen dituela gogorarazi dute.
'Aupasocios BB' plataformak deituta, "Mundiala bai, ACB ere bai" bezalako leloak oihukatu dituzte han bildutako zaleek. Lehenago, Munduko Txapelketa aurkezteko ekitaldia egin dute FIBAko enbaxadoreek. 15 partida jokatuko dira Bilboko egoitzan txapelketan.
Taldea "ACBn egoteko itxaropena" duela esan du 'Aupasocios BB'ko ordezkari Iñaki Gomezek, "orain dela hilabeteko zorra sei milioikoa zelako, eta orain dela hiru egun 3 milioira jaitsi zen".
Halaber, zorrari buruz hitz egin du Gomezek: "jokalariek onartutako zorra, Alex Mumbruk sinatuta, kapital sozialaren %10a da, eta ez %15a".
"ACBn egoteko artikulu guztiak bete ditugu, eta barruan egon beharko ginateke, ez balitz Roca jaunaren burugogortasunagatik", esan du Gomezek. Zaleak uztailaren 29eko, astearteko, manifestaziora joateko deitu ditu.
Manifestazioa Moyua plazatik irtengo da, 19:30etan, eta Gomezek esan duenaren arabera, "babesleen laguntza izango du". Leloak 'Bilbo ACB' eta 'Miribilla efektua' izango dira.