Itxi

Bilbao Basket

'Aupasocios BB'

Bilbao Basketeko bazkideek ACBren kontra protestatzera deitu dute

Erredakzioa

Bilbao Basketeko akziodun txikiek, 'Aupasocios BB' plataforman bilduta, bi elkarretaratze antolatu dituzte, Munduko Txapelketako ekitaldietan.

  • Bilbao Basketeko zaleak, beste elkarretaratze batean / EFE.

    Bilbao Basketeko zaleak, beste elkarretaratze batean / EFE.

'Aupasocios BB' plataformak, Bilbao Basketeko Akziodun Txikien Elkarte Batuak, taldea ACBn "ez sartzeko erabakiaren" kontra protestatzeko bi elkarretaratze deitu dituzte gaurko.

Bilbao Basketeko zaleak, 12:00etan, Bilboko Udalaren aurrean biltzera deitu dituzte akziodun txikiek. Leku horretan, ordubete lehenago, Munduko Txapelketako promozio ekitaldi bat egin dute. Bilbo txapelketako egoitzetariko bat da.

11:00etan, Munduko Txapelketako "maskota ofiziala zale eta oinezkoekin bildu da, FIBA 2014 baloiaren kopia erraldoi baten alboan". Hor egon dira Ibon Areso, Bilboko alkatea, Gabino Martinez de Arenaza, Bizkaiko Aldundiaren Turismo eta Kanpoko Sustapenerako zuzendaria, eta Kepa Mendia, Euskal Saskibaloi Federakundeko presidenteordea.

'Aupasocios BB'k bigarren elkarretaratze bat deitu du, 18:00etan, goizean joan ezin izango direnak ere biltzeko. "Helburua gure taldea publikoki babestea da. Zaleak etorriko direla uste dugu. Batera Bilbao Basketi lagunduko diogu", esan dute komunikatuan.

Bilbao Basketek asteazkenean iragarri zuen "tramite administratibo eta judizialak" hasiko dituela, ACBk onartuko ez duela berretsi ostean. "Taldearen bideragarritasun ekonomikoa erakusten dituen datu gehigarriak" eskatzen dizkio ACBk.