Itxi

Bilbao Basket

Administrazio kontseilua

Bilbao Basketek aurrekonkurtsoa eskatu du, akordio bila

Erredakzioa

Hartzekodunekin "epaitegiz kanpoko akordioak" lortzea eta konkurtsoa saihestea da neurriaren helburua.

  • German Gabriel Bilbao Basketekoa.

    German Gabriel Bilbao Basketekoa. Argazkia: Efe

Bilbao Basketen administrazio kontseilu berriak aurrekonkurtsoa eskatzea erabaki zuen maiatzaren 28an, hartzekodunekin "epaitegiz kanpoko akordioak" lortzeko eta, konkurtsoa saihestea helburu, "zorrak epe legalen barruan birfinantzatzeko".

Horixe jakinarazi du Bilbao Basketek bere webgunean argitaratutako ohar batean, eta "kasu batzuetan" dagoeneko akordioak egin dituztela jakinarazi du.

Aurrekonkurtsorako eskari horri esker, administrazio kontseiluak hiru edo lau hilabeteko epea izango du "hartzekodunekin negoziatzen jarraitzeko eta epaitegiz kanpoko akordioak lortzeko".

Gainera, horrela galarazi egingo dute "hartzekodunen batek nahitaezko konkurtsoa deitzea". Izan ere, hartzekodunen batek neurri hori eskatuz gero, "hartzekodun guztiekiko negoziazioak etengo lirateke, eta kluba likidazio bidean geratuko litzateke".

"Neurria erabat beharrezkoa dela iritzi diogu, klubaren egungo egoeran bideragarritasuna bermatuko lukeen irtenbide baterako bidea irekiko baitu", gaineratu dute oharrean.

Administrazio kontseiluak ekainaren 26ko batzar orokorrean azalduko die klubaren egoera ekonomikoa akziodunei.