Bilbao Basket
Endesa Liga
Bilbao Basketek etxeko lanak egin ditu Valladoliden aurka (93-77)
Erredakzioa
Rafa Pueyoren taldeak garaipen argia lortu du Miribillan, baina bigarren zatira arte itxaron behar izan du aldea zabaltzeko.
-
Bilbao Basket 93 - Valladolid 77 / EFE.
Bilbao Basketek Valladolidi irabazi dio Miribillan.Orain bi aste Real Madrilen kontrako partida jokatu eta gero, etxean bueltan jokatu duten partidan, garbi nagusitu dira beltzezko gizonak. Rafa Pueyoren taldea nagusi zen sailkapeneko azkenaren kontrako neurketan, eta ez du huts egin. Valladolid galduta dabil Endesa Ligan, eta hiru garaipen baino ez ditu lortu. Hala ere, bigarren zatira arte ez da alderik zabaldu bi taldeen artean.
Lehenengo zati nahiko kaskarra jokatu dute bi taldeek, eta oso berdinduta ibili dira. Bilbao Basketek ezin izan du alderik zabaldu, aurkaria baino hobea izan arren. Markagailuko diferentziarik handiena 4 puntukoa baino ez da izan, eta are alde txikiagoarekin iritsi dira atsedenaldira (43-41).
Bigarren zatian eman diote buelta egoera horri beltzezko gizonek. Mumbruren (32 puntu, 33ko balorazioa), Bertansen eta Markotaren saskiratzeei esker, eta kanpoko joko ona eginda, 12 puntuko aldea jarri du markagailuan Bilbao Basketek hirugarren laurdenaren bukaeran (65-53). German Gabriel (31 puntuko balorazioa) izan da erreakzio horren beste protagonista.
Laugarren laurdenean, berriro ere Raul Lopezen gidaritzapean, etxeko taldeak aldeari eutsi dio. Amaieran, garaipena Bilbao Basketentzat eta gora begira jarri da taldea Endesa Ligan.
FITXA TEKNIKOA
Bilbao Basket: Raúl López (9), Bertans (11), Mumbrú (32), Markota (11) eta Gabriel (12) -hasierako bostekoa- Díaz (7), Pilepic (3), Grimau (8) eta Samb (0).
Valladolid: Pozas (15), Martínez, Andjusic (10), Omari Johnson (14) eta Haritopoulos (6) -hasierako bostekoa- Armon Johnson (8), Suka-Umu (3), Drenovac (15) eta Mack (6).
Partzialak: 24-24, 19-17, 22, 12 eta 28-24.