Bilbao Basket
Endesa Liga
Bilbao Basketek Raul Lopez berreskuratu du, azkenaren aurka jokatzeko
Erredakzioa
Bizkaitarrek Hodei Egiluzen aldeko pankarta aterako dute, urrian Anberesen (Belgika) desagertu zen Galdakaoko gaztearen familiari elkartasuna agertzeko.
-
Bilbao Basketek bolada txarrari amaiera eman nahi dio. Efe.
Bilbao Basketek Raul Lopez erabili ahal izango du larunbatean, Baloncesto Valladolid ligako azken sailkatuaren aurka jokatuko duen partidan (zuzenean, 19:15ean). Neurketak garrantzi handia dauka bizkaitarrentzat, lasaitasuna berreskuratzeko bidean.
Rafa Pueyoren gizonek bost porrot jarraian jaso dituzte Estudiantes, Cajasol, Kanaria Handia, Real Madril eta Bartzelona taldeen aurka; hain zuzen, Raul Lopez bajan egon den sei asteetan. Emaitza txarrek, playoffei agur esateaz gain, taldea arriskuan jartzea ekarri dute.
Arazo ekonomikoak konpontzear daudela, bilbotarrek Endesa Ligan bizi duten egoera zuzendu behar dute geratzen diren azken bederatzi jardunaldietan.
Elkartasuna, Hodei Egiluzen familiari
Bilbao Basketeko jokalariek Hodei Egiluzen aldeko pankarta bat aterako dute larunbatean, urrian Anberesen (Belgika) desagertu zen Galdakaoko gaztearen familiari elkartasuna agertzeko.
Klubak "estimua eta benetako babesa" agertu dio Hodeiren familiari, eta "gaztea aurkitzeko lanak eten ez daitezela " eskatu du komunikatu baten bidez.