Itxi

Bilbao Basket

80-54

Bilbao Basketek Nizhny jipoitu eta L multzoko lidergoa eskuratu du

Erredakzioa

Talde bizkaitarra aukaria baino gehiago izan da, eta merezitako garaipena lortu du. Aurrerapausoa eman dute 'Last 32'an.

  • Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basketek 80-54 irabazi dio Nizhnyri. Argazkia: EFE

Bilbao Basketek garaipen garrantzisua lortu du Nizhnyren aurka Bilbao Arenan eta Eurokopako 'Last 32'ko L multzoko lidergoa eskuratu du talde bizkaitarrak. Rafa Pueyok zuzentzen duen taldeak 80-54ko emaitzarekin jipoitu du Nizhny Novgorod.

Hasieratik jaun eta jabe izan da Bilbao Basket eta azkar hasi da abantailak lortzen (13-4). Lehen laurden bikaina jokatu du etxeko taldeak eta lehen hamar minutuak 18-10eko emaitzarekin bukatu dira. Bigarren laurdena lehenengoa baino hobea izan da Bilbao Basketentzat eta Rafa Pueyok zuzentzen duen taldea 21 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (43-22).

Atsedenalditik kantxara itzuli ostean Nizhnyk ez du erreakzionatu eta Bilbao Basketek eroso jokatzen jarraitu du. Bilbao Basketek 22 puntuko abantaila mantendu du hirugarren laurdenean (60-38) eta azken laurdena aldeak handitzeko baliatu du talde bizkaitarrak. Azkenean, 80-54ko emaitzarekin atera da garaile Bilbao Basket.

Fitxa teknikoa:

80 - Bilbao Basket (18+25+17+20): Raul Lopez (10), Bertans (6), Mumbru (20), Hervelle (8) eta Gabriel (11) -hasierako bostekoa-; Grimau (2), Pilepic (11), Vrkic (4), Markota (2) eta Kavaliauskas (6).

54 - Nizhny Novgorod (10+12+16+16): Rochestie (19), Panin (2), Thompson (9), Antonov (2) eta Korobkov (8) -hasierako bostekoa-; Khvostov (2), Baburin (2), Gubanov (10) Ilvev eta Savelyev.

Partzialak: 18-10, 43-22 (atsedenaldia); 60-38 eta 80-54 (amaiera).

Epaileak: Luigi Lamonica (ITA), Igor Dragojevic (MNE) eta Saso Petek (ESL).