Bilbao Basket
Eurokopa
Bilbao Basketek jipoia eman dio Panioniosi (93-62)
Erredakzioa
Bizkaiko taldeak aurreneko garaipena lortu du Eurokopako Last 32an. Atenaseko taldeak itxura oso kaskarra eman du, eta Pueyoren gizonak aise nagusitu dira.
Bilbao Basketek 93-62 jipoitu du Panionios Atenas, Miribillan. Talde beltzak lehen garaipena lortu du Eurokopako Last 32an, eta jokalariek Endesa Ligarako konfiantza hartu dute.
Rafa Pueyoren gizonek erasoan gehiago izan dira (9-2), baina Panionioseko jaurtitzaileek saskiratze onak lortu dituzte, eta McCollumek 9-8koa jarri du. Greziako taldeak markagailua irauli du (11-12), baina Bilbao Basketek defensa sendotu egin du, eta Bertansek 21-19koa jarri du, birrintze ikusgarri batekin.
Talde beltzak intentsitate handiarekin jokatu du bigarren laurdenean, eta markagailuko aldea aise handitu du (27-19). Bizkaiko taldeak 11 puntuko aldea lortu du Raul Lopezen saskiratze bati esker (32-21), baina Panioniosek erasoan gogor sakatu du, berriz ere (32-27). Atsedenaldian, Pueyoren gizonak nagusi izan dira (40-30).
Bizkaiko taldeak intentsitatearekin hasi du hirugarren laurdena, eta German Gabrielek eta Zoran Vrkicek 47-33koa jarri dute. Pilepicek puntu garrantzitsuak lortu ditu erasoan, eta Atenaseko taldea ezinean aritu da Bilbao Arenako kantxan (53-35). Hirugarren laurdena 69-39ko markagailu sendoarekin bukatu dute Pueyoren gizonek.
Norgehiagoka erabakita gelditu da Bilbao Basketen erakustaldiarekin, eta Mamadou Sambek eta Sergio Sanchezek minutu ugari jokatzeko abagunea izan dute, azken laurdenean. Bilboko taldeak erraz kontrolatu du partida, eta azken emaitza 93-62koa izan da.
- Fitxa teknikoa:
93 - Bilbao Basket (21+19+29+24): Raul Lopez (2), Bertans (10), Vrkic (11), Hervelle (8) eta Gabriel (15) -hasierako bostekoa-; Grimau (18), Pilepic (14), Markota (10), Kavaliauskas (1), Sergio Sanchez eta Samb (4).
62 - Panionios (19+11+9+23): Batis (3), Mc Collum (28), Carter (9), Milbourne (2) eta Langford (5) -hasierako bostekoa-; Duvnjak (7), Kyritsis, Saloustros, Athanasoulas (2), Symtsak (1), Scordilis (5) eta Michel.