Itxi

Bilbao Basket

Miribillan

Bilbao Basketek ezin izan du Valentziaren aurka (80-83)

Erredakzioa

Rafa Pueyoren gizonak garaipena lortzetik gertu egon dira azkenengo minutura arte, baina Valentzia Basketek ez du hutsik egin jokaldi erabakigarrietan.

0:30

Bilbao Basketek porrot mingarria jaso du etxean, Valentzia Basket indartsuaren kontra (80-83). Pueyoren gizonek eskura izan dute garaipena, baina erabaki txarrak hartu dituzte azkenengo segundoetan.

Perasovicen gizonek puntu errazak lortu dituzte lehenengo laurdenean (8-17), baina Bilbao Basket esnatu egin da, eta 15-17koa jarri du markagailuan. Valentzia Basketek saskiratze garrantzitsuak lortu ditu, hiruko lerrotik (21-25), baina Bertansek bi gehi bateko ikusgarria lortu du, eta Bilboko taldea markagailuan goitik jarri da (26-25).

Roger Grimauk ederki gidatu du Bizkaiko taldearen erasoa, bigarren laurdenean, eta Rafa Pueyoren gizonek 37-33koa jarri dute. Hala ere, laranjek gogor sakatu dute Miribillako kantxan, eta Justin Doellmanek erakustaldia eman du erasoan (37-38). Atsedenaldian, Valentziako taldea 47-48 nagusi izan da.

Atsedenaldiaren ostean, Bilbao Basket galduta ibili da erasoan, eta Perasovicen gizonek 47-54koa aise jarri dute markagailuan. Van Rossomek Valentzia Basket hamar puntu goitik jarri du (49-59), baina Grimauk erakustaldia eman du kantxan, eta talde beltzak 58-59koa lortu du. Hirugarren laurdena 62-62koarekin bukatu da.

Alex Mumbruk saskiratze erabakigarriak lortu ditu azkenengo laurdenean, eta Bilbao Basket partidan sartuta mantendu da (67-67). Rafa Pueyoren gizonek 74-67koa jarri dute markagailuan, baina Perasovicen gizonek aldea aise murriztu dute (74-72). 78-78koaren ostean Gabrielek 80-78koa jarri du jaurtiketa libreekin, baina Lafayettek ez du huitsik egin eta Valentziak 80-81koa lortu du.  Jokaldi erabakigarrian Raul Lopezek baloia galdu du, eta laranjek garaipena eskuratu dute (80-83).

- Fitxa teknikoa:

80 - Bilbao Basket (26+21+15+18): Raul Lopez, Pilepic (4), Mumbru (20), Hervelle (2) eta Gabriel (11) -hasierako bostekoa-; Bertans (16), Grimau (15), Vrkic (2), Markota (4), Kavaliauskas (6) eta Samb

83 - Valentzia Basket (25+23+14+21): Van Rossom (16), Rafa Martinez (10), Sato (7), Doellman (13) eta Triguero (2) -hasierako bostekoa-; Lafayette (9), Ribas (11), Dubljevic (15) eta Barton.

Partzialak: 26-25, 47-48 (atsedenaldia); 62-62 eta 80-83 (bukaera).