Bilbao Basket
Endesa Liga
Bilbao Basketek garaipen erraza lortu du Manresan (66-88)
Erredakzioa
Bizkaiko taldeak jipoia eman dio Bruixa d'Or Manresari, etxetik kanpora. Pueyoren gizonek garaipen garrantzitsu batekin agurtu dute 2013a.
Bilbao Basketek garaipen oso garrantzitsua lortu du etxetik kanpora Bruixa d'Or Manresaren kontra (66-88). Pueyoren gizonak jaun eta jabe izan dira norgehiagoka osoan zehar, eta Kataluniako taldea ezinean ibili da. Talde beltzak Endesa Ligan aurrerapauso handia eman du garaipen honekin.
Euskal taldeak erasoan bikain hasi du neurketa, eta Pilepicek puntu oso garrantzitsuak eskuratu ditu (4-15). Hala ere, Bruixa d’Or esnatu egin da, eta Monorek eta Erikssonek ondo gidatu dute etxeko taldearen erasoa (12-17). Rafa Pueyoren gizonek erasoan ondo jarraitu dute, eta lehenengo laurdena 20-27 markagailuarekin bukatu da.
Bigarren laurdenean German Gabrielek 14 puntu markagailuan goitik jarri du Bilbao Basket (24-38), baina Darryl Monroek erakustaldia eman du erasoan, eta Kataluniako taldeak 31-38 gerturatu da. Markotak bost puntu garrantzitsu lortu ditu jarraian, eta Monroeren puntuak ez dira nahikoa izan (38-46).
Atsedenaldiaren ostean Manresa bost puntura hurbildu da (41-46), baina Axel Hervellek ,berriz ere, 10 puntuko aldea ezarri du markagailuan (41-51). Rafa Pueyoren gizonek aise agindu dute kantxan, eta Mumbruk 46-60koa jarri du hiruko ikusgarri batekin. Hirugarren laurdena, 51-72 bukatu da.
Kataluniako taldeak puntu garrantzitsuak lortu ditu azkenengo laurdenaren hasieran (59-72), baina Raul Lopez kantxara irten da, eta Viceko antolatzaileak alde handitu egin du (59-76). Bruixa d’Or Manresak ezin izan du Bizkaiko taldearen erritmoa jarraitu, eta Bilbao Basketek 66-88 irabazi du.
- Fitxa teknikoa:
66. BRUIXA D'OR MANRESA (20+18+13+15): Waters (3), Arco (-), Kouguere (5), Monroe (20), Asselin (2) -hasierako bostekoa-, Arteaga (5), Hernandez (2), Eriksson (18), Giannopoulos (4), Larsen (7), Creus (-) eta Kody (-).
88. BILBAO BASKET (27+19+26+16): Lopez (8), Pilepic (16), Mumbru (20), Hervelle (7), Gabriel (17) -hasierako bostekoa-, Grimau (4), Bertrans (5), Kavalauskas (4), Vrkic (-), Markota (5), Samb (2) eta Sanchez (-).