Itxi

Bilbao Basket

Miribillan

Bilbao Basketek irabazi du derbia, luzapenean (96-92)

Erredakzioa

Rafa Pueyoren gizonek luzapena behar izan dute Laboral Kutxa gainditzeko. Baskoniak Euroligako nekea gehiegi sumatu du.

0:56

Bilbao Basketek irabazi du Laboral Kutxaren aurkako Endesa Ligako derbia (96-92). Bizkaiko taldea nagusi izan da ia partida osoan, baina Pueyoren gizonek luzapene behar izan dute. Baskoniak Euroligako partidako nekea gehiegi sumatu du.

Scarioloren gizonek presio onarekin hasi dute norgehiagoka, eta Hamiltonek 6-9koa jarri du Miribillako markagailuan. Hala ere, Raul Lopezek eta German Gabrielek ederki gidatu dute Bilbao Basketen erasoa, eta talde beltzak markagailua aise irauli du (14-9). Gabrielek taula azpian agintzen jarraitu du, eta Laboral Kutxak kontraerasoa bilatu du. Lehenengo laurdena 24-18koarekin bukatu da.

Bigarren laurdenean, Dairis Bertansek markagailuan hamar puntu goitik jarri du Bilboko taldea (28-18), eta Baskoniak ezin izan du Bilbao Basketen defentsa sendoa gainditu. Rafa Pueyoren gizonek markagailuan goitik jarraitu dute, intentsitate gehiagorekin jokatzen, baina San Emeteriok puntu oso garrantzitsuak lortu ditu, eta lehenengo zatia 45-38koarekin bukatu da.

Atsedenaldiaren ostean, Baskonia hiru puntura jarri da, Nocioniren hiruko ikusgarri bati esker (47-44), baina Mumbruk erantzun bikaina eman du, eta talde beltzak aldea handitu du, berriz ere (51-44). Hervellek hamar puntuko aldea lortu du (57-47), eta Gasteizko taldea ezinean aritu da (60-51).

Arabako taldeak gogor sakatu du azkenengo laurdenean, eta Heurtelek alde murriztu egin du (64-59). Diopek minutu oso onak jokatu ditu taula apzian, eta Scarioloren gizonek 67-66koa jarri dute. Hodgek markagailua irauli egin du (73-75), eta Laboral Kutxak aurrea hartu du. Mumbruk saskiratze oso garrantzitsua lortu du zortiz segundoren faltan (80-77), baina Hamiltonek ederki erantzun du (80-80), eta norgehiagoka luzapenera joan da.

Luzapenean Dairis Bertansek erakustaldia eman du erasoan, eta Pueyoren gizonek ondo agindu dute (87-82). Hala ere, Baskoniak erantzun ederra eman du (87-87). Bertansek erakustaldiaren jarraitu du, eta Bilbao Basketek abantaila garrantzitsua lortu du (92-89). Azkenean, garaipen talde beltzak eskuratu du (96-92).

- Fitxa teknikoa:

96 - Bilbao Basket (24+21+15+20+16): Raul Lopez (17), Pilepic (5), Mumbru (11), Hervelle (12) eta Gabriel (20) -hasierako bostekoa-; Grimau, Bertans (23), Vrkic (4), Markota (2) eta Kavaliauskas (2).

92 - Laboral Kutxa (18+20+13+29+12): Heurtel (13), Casseur (3), San Emeterio (16), Nocioni (18) eta Hamilton (16) -hasierako bostekoa-; Hodge (7), Jelinek (5), Hanga (2), Mainoldi (3), Pleiss (3) eta Diop (7).

Partzialak: 24-18, 45-38 (atsedenaldia); 60-51, 80-80 (40') eta 96-92 (luzapena).