Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Bilbao Basketek kale egin du Charleroin (79-73)

Erredakzioa

Rafa Pueyoren taldeak porrot gogorra jaso du B multzoko azkenengo sailkatuaren kontra. Bilbao Basketek Eurokopan aurrera egiteko borrokatzen jarraitu beharko du.

  • Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket. Argazkia: EFE

Bilbao Basketek atzerapauso arriskutsua eman du, Belgacom Spirouren aurka 79-73 galdu ondoren. Bizkaiko taldeak B multzoko azkenengo sailkatuaren kontra galdu du, eta Eurokopan aurrera egiteko borrokan jarraitu beharko du.

Belgikako taldeak intentsitatearekin jokatu du aurreneko minutuetan (8-2), baina Pilepicek markagailua irauli du 3+1 ikusgarri batekin (10-11). Abukarrek Spirou aurretik jarri du, berriz ere (17-16), eta Bilboko taldea ezinean aritu da, erasoan (20-16).

Charleroiko taldeak erritmo bizia mantendu du bigarren zatian, baina Rafa Pueyoren gizonek erasoan gehiago sakatu dute, eta Vrkicek 23-21ekoa jarri du. Gabrielek neurketa berdindu du (23-23), eta Bilbao Basketek markagailua irauli du (28-30). Hala ere, Belgacom Spirouk saskiratze garrantzitsuak lortu ditu, eta Malletek 34-30ekoa jarri du. Atsedenaldian, Belgikako taldea nagusi izan da (39-36).

Atsedenaldiaren ostean Bilbao Basketek susperraldia izan du, baina Spirouk aise agindu du kantxan (45-36). Bertansek eta Mumbruk Bizkaiko taldearen erasoa gidatu dute (45-40), baina Charleroiko jokalariek oso ondo erantzun dute, eta hamar puntuko aldea eskuratu dute (54-44). Hirugarren laurdenaren bukaeran talde beltza 65-59 markagailuan azpitik egon da.

Laurden erabakigarrian Pueyoren gizonek saskiratze onak lortu dituzte, eta Bertansek norgehiagoka berdindu du (65-65). Watkinsek 71-67koa jarri du, baina Vrkicek hiruko ederra eskuratu du (71-70). German Gabrielek partida berdindu egin du (73-73), berriz ere, baina Watkinsek lau saskiratze libre lortu ditu, eta Belgikako taldeak neurketa erabakita utzi du. Azkenengo emaitza 79-73 izan da Spirou Domeko kantxan.