Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Bilbao Basketek arnasa hartu du, Bartzelonari irabazita (80-72)

L.E. | eitb.com

Bilbotarrek denboraldiko lehen garaipena lortu dute ligan, sei jardunaldi jokatu ostean. Kataluniarrentzako, denboraldiko lehen porrota izan da.

1:04

Bilbao Basketek denboraldiko lehen garaipena lortu du Bartzelonaren aurka, Miribillan jokatutako Endesa Ligako seigarren jardunaldian. Bizkaitarrek nahitaezkoa zuten garaipena lortzea, lehen bost jardunaldietan galtzaile atera ostean.

Rafa Pueyoren gizonek lehen zati ona jokatu dute, eta Bartzelonak ezin izan du markagailuan alde handirik lortu.

Lehen 10 minutuetan, beltzezko gizonek hiruko batekin eman diote hasiera partidari. Barçak, hala ere, minutu gutxi batzuk behar izan ditu aurretik jartzeko eta lehen laurdenaren amaieran bost puntuko abantailarekin amaitu dute kataluniarrek: 13-18.

Bigarren laurdenean bilbotarrak nagusi izan dira. Grimauk bultzatuta, 20 eta 17ko partziala egin dute eta atsedenaldira partida bizirik zegoela iritsi dira: 33-35, Xavi Pascualen taldearen alde.

Joko bizia eta emozioa izan da nagusi hirugarren laurdenean. Bartzelonak aurretik jarraitu du, baina Bilbao Basket aldentzea lortu barik. Kataluniarrek arazoak izan dituzte taulapeko jokoarekin, baina hirukoetan maisu aritu dira. Bizkaitarrak ez dira atzean geratu, Mumbruk, Raul Lopezek eta Hervellek sartutako hirukoei esker batez ere.

Markagailua 54 eta 57 zegoela ekin diete azken 10 minutuei. Bilbotarrak garaipenaren bila atera dira. Lehen saskiratzean, hirukoa, partida berdindu eta jarraian aurretik jarri dira, eta amaiera arte eutsi diote.

German Gabrielek eta Raul Lopezek momentu erabakigarrietan sartutako bi hirukoek partida bizkaitarren alde bideratu dute. Amaierarako 1:51 faltan, German Gabrielek 74 eta 67 jarri ditu aurretik bizkaitarrak. Bartzelonak ez du, hala ere, amore eman eta 74 eta 72 hurbildu da, baina Raul Lopezek hirukoa sartu du momentu horretan, bukaerarako segundo gutxiren faltan. Garaipena Bilbon geratu da.

Azkenean, 80-72, merezitako garaipena lortu dute Rafa Pueyoren mutilek. Bartzelonak, aldiz, denboraldiko lehen porrota jaso du ligan.

Fitxa teknikoa:

80 - Bilbao Basket (13+20+21+26): Raúl López (14), Bertans (16), Mumbrú (11), Hervelle (4) y Carmichael -hasierako boskotea-; Pilepic (2), Grimau (7), Vrkic (5), Gabriel (15), Kavaliauskas (6) eta Samb.

72 - Bartzelona (18+17+22+15): Huertas (6), Abrines (8), Papanikolaou (19), Todorovic (2) y Tomic (4) -hasierako boskotea- Pullen (5), Sada, Navarro (13), Nachbar (8), Lampe (6) eta Dorsey (1).

Partzialak: 13-18, 33-35 (atsedenaldia); 54-57 eta 80-72 (amaiera).