Itxi

Bilbao Basket

Miribillan

Bilbao Basketek sendo jarraitzen du Eurokopan (77-67)

Erredakzioa

Bizkaiko taldeak garaipen garrantzitsua lortu du Bilbao Arenan, Elan Chalon talde frantziarraren aurka. Kavaliauskasek eta German Gabrielek gidatu dute Bilbao Basketen erasoa.

  • Bilbao Basket - Elan Chalon. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket - Elan Chalon. Argazkia: EFE

Bilbao Basketek B multzoko lidergoan sendo jarraitzen du, Elan Chalon talde frantziarrari 77-67 irabazi ondoren. Rafa Pueyoren gizonek Eurokopako multzoetako faseko laugarren garaipena lortu dute, Miribillan, eta Gipuzkoa Basketen kontrako derbirako (larunbatean, 19:15ean) konfiantza hartu dute.

Lehenengo laurdenean erakustaldia eman du Bizkaiko taldeak (27-14), baina atsedenaldiaren ostean erritmoa jaitsi du, eta Frantziako taldea markagailuan hurbildu egin da. Azkenengo laurdenean Elan Chalon zazpi puntura jarri da (68-61), baina Raul Lopezek Bilbao Basketen erasoa bikain gidatu du, eta bost puntu jarraian eskuratu ditu (73-61).

Antanas Kavaliauskas (12 puntu, 6 errebote eta 19ko balorazioa) eta German Gabriel (16 puntu, 6 errebote eta 17ko balorazioa) pibotek partida biribila jokatu dute taula azpian.

- Fitxa teknikoa:

77 - Bilbao Basket (27+16+18+16): Raul Lopez (5), Grimau (6), Mumbru (9), Hervelle (9) eta Kavaliauskas (12) –hasierako bostekoa–; Bertans (8), Pilepic (-), Vrkic (6), Gabriel (16) eta Samb (4).

67 - Elan Chalon (14+15+21+17): Tchicamboud (5), Slaughter (19), Bostic (13), Etvimov (-) eta Brockman (10) –hasierako bostekoa–; Jurevicus (6), Aboudou (6), Capela (8), Ouattara (-) eta Michineau (-).

Partzialak: 27-14, 43-29 (atsedenaldia); 61-50 eta 77-67 (bukaera).