Itxi

Bilbao Basket

Superkopa 2013

Real Madril finalean da, Bilbao Basket jipoitu ostean

Leire Etxazarra | eitb.com

Madrildarrak 100 eta 61 gailendu dira. Rafa Pueyoren taldeak ezer gutxi egin ahal izan du talde zuri indartsuaren aurrean.

0:28

Real Madrilek 2013ko Superkopako finalerako txartela lortu du, Bilbao Basket erraz mendean hartuta, 100 eta 61.

Lehen laurdenean, berdintasuna izan da nagusi bi taldeen artean, nekez lortu dute bi puntutik gorako aldea zabaltzea. Carollen hirukoek (hirutik hiru sartu ditu) madrildarrak bilbotarren parean mantendu dituzte eta lehen laurdenaren amaieran puntu bat goitik ziren zuriak, 25 eta 24, Miroticek azken segundoan sartutako hirukoari esker.

Bigarren laurdenean gauzak goitik behera aldatu dira, Real Madril jaun eta jabe izan baita. Pablo Lasoren mutilek 28 eta 11ko partziala lortu dute eta atsedenaldira abantaila zabalarekin iritsi dira: 53 eta 25.

Lehen zatian Jaycee Carroll eta Alex Mumbrú izan dira saskiratzailerik onenak. Bakoitzak 12 puntu egin ditu.

Real Madril, oso indartsu

Hirugarren laurdenean gauzek bere horretan jarraitu dute; Real Madril jaun eta jabe izan da eta bilbotarrek ez dute aldea murrizteko ahalmenik agertu. Gauzak horrela, azken 10 minutuen atarian, Lasoren jokalariak 73 eta 51 ziren aurretik.

Azken laurdenean, bizkaitarrek amore eman dute, 10 puntu bakarrik egin dituzte, eta madrildarrek markagailuko aldea handitu baino ez dute egin. Amaieran 100 eta 61 gailendu dira. Talde zuriak iaz lortutako tituluari eusten saiatuko da larunbatean jokatuko den final handian (19:00etan).

Fitxa teknikoa:

100 - Real Madril (25+28+20+27): Llull (14), Rudy (11), Darden (3), Mirotic (18), Bourousis (2) -hasierako boskotea-, Díez (7), Carroll (18), Rodríguez (14), Slaughter (6), Reyes (5), Mejri (2), Draper.

61 - Bilbao Basket (24+11+16+10): López (3), Bertans (-), Mumbru (16), Hervelle (7), Kavaliauskas (9) -hasierako boskotea-, Grimau (4), Pilepic (5), Gabriel (13), Carmichael (4), Vrkic (-).

Epaileak: Martín Bertrán, Pérez Pérez, Cortés. Kanporaturik gabe.