Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Bilbao Basket Bartzelonaren aurka arituko da play offetan

Erredakzioa

Beltzezko gizonek neurketa galdu eta seigarren postuan bukatu dute denboraldia. Obradoiro play offetan sartu da, eta Real Madrilen aurka arituko da.

  • Pavel Pumprla eta Nikos Zisis. Argazkia: EFE.

    Pavel Pumprla eta Nikos Zisis. Argazkia: EFE.

Talde galiziarrak garaipena eskuratu behar zuen play offetan sartzeko, eta partida kontrolatu nahi izan du hasieratik. Bilbao Basket lasaiago ekin dio neurketari, eta horrek, neurketako erritmoa galtzea suposatu dio.

Markagailuan aurretik joan da Blusens Monbus, aldea bikoiztera ailegatu arte. Ben Dewarren puntuak amesteko aukera eman die galiziarrei. Lehenengo laurdena 22-13 bukatu da. Neurketa hasiera eskas baten ostean, beltzezko gizonak aldea txikitzen saiatu dira, baina galiziarrek ez dute play offetan sartzeko aukera historikoa galdu nahi izan.

Mumbruren, Grimauren eta Hamiltonen ekintzek eta saskiratzeek neurketan sartu dute Bilbao Basket, markagailuan berdinketa lortuz. Baina irudipen bat baino ez da izan, Kendallen saskiratzeek aurretik jarri baitute, berriro ere, etxeko taldea.

Hummelen hirukoa, hirugarren laurdenaren azken segundoan, 63 eta 51koa jarri du markagailuan. Katsikarisen mutilak unatuta heldu dira denboraldiko azken txanpara, eta horren ispilua izan da gaurko neurketa. Azkenean, 79-73 bukatu da norgehiagoka. Corbacho eta Kendall (14 puntu) izan dira Obradoiroko taldean puntu gehien pilatu dituztenak, eta Zisis (17) eta Hamilton (14) Bilbao Basketen partetik.

Alex Mumbruk 12.000 minutuko langa gainditu du ACB Ligan. Zifra borobil hau lortzen duen 28. jokalaria da; oraindik asko gelditzen zaio Joan Creusek pilatutako 20.211 minutuak batzeko.

Fitxa teknikoa
79-Blusens Monbus (22+23+18+16): Andrés Rodríguez (2), Pavel Pumprla (11), Benjamin Dewar (13), Levon Kendall (14), Salah Mejri (12) -hasierako bostekoa-, Robbie Hummel (10), Jorge Sanz (-), Alberto Corbacho (14) eta Rafa Freire (3).
73-Uxue Bilbao Basket (13+24+14+22): Nikos Zisis (17), Fran Pilepic (3), Álex Mumbrú (9), Axel Hervelle (2), Lamont Hamilton (14) -hasierako bostekoa-, Adrien Moerman (8), Raül López (5), Mamadou Samb (5) eta Roger Grimau (10).
Epaileak: José Ramón García Ortiz, Carlos Peruga eta Fernando Calatrava.