Bilbao Basket
75-93
Laboral Kutxak erakustaldia eman du Miribillako euskal derbian
Erredakzioa
Miribilla
Baskonia neurketa guztian zehar aurretik joan da markagailuan. Arabarrek arazo gabe egin diote aurre Bilbao Basket eskas bati.
Intentsitate handiarekin hasi dute neurketa bi taldeek. Arabarrek presio txikiagoa zeukaten sailkapenean, lana eginda zutela ikusita, baina, hala ere, ez dute aukera galdu nahi izan. Laboral Kutxa hasieratik oso sartuta egon da norgehiagokan, eta aldea atera dio etxeko taldeari.
Bilbao Basketek ez du etsi, eta Miribilla bete duten zaleekin batera gogor ekin dio aldea txikitzeari. Lehen laurdena zazpi puntuko aldeko errentarekin bukatu dute arabarrek (17-24). Beltzezko gizonek gogor ordaindu dute neurketa hasiera kaskarra egin izana, eta, horregatik, atzetik egon behar izan dira. Bost puntuko aldea izatera heldu diren arren, hurbildu diren bakoitzean Laboral Kutxakek zuen errenta handitu du.
Katsikaris kezkatuta agertu da neurketako parterik handienean Hamilton eta Mumbru bakarrik eskaini dutelako markagailua iraultzeko jokoa. Bigarren zatian, Pilepicen eta Hervelleren hirukoei esker ‘beltzezko gizonak’ zituzten aukeretan sinesten hasi dira, eta Mumbru ere hiruko marratik saskiratzera animatu da. Miribilla berotu dute, eta etxeko taldeari arnasa hartzeko aukera eman dio. Hirugarren laurdenean bi taldeen indarrak berdindu egin dira, baina irudikeria baino ez da izan.
Baskoniak markagailua defendatzen jakin du, beti aurrekin jarraitzeko. Etxeko taldea ezinean egon da; behartuta jokatu du denbora guztian. Argi gelditu da Bilboko jokalariak indarrak xahututa heldu direla Endesa Ligaren bukaerara; Grimauren lesioak ez die asko lagundu. Azkenean, 18 puntuko aldearekin bukatu da norgehiagoka (75-93). Etxeko taldean, Pilepicek eta Hamiltonek eskuratu dituzte puntu gehien, eta Gasteizeko taldean San Emeterio eta Lampe izan dira puntu gehien erdietsi dituztenak.
Fitxa teknikoa
75 - Uxué Bilbao Basket (17+18+21+19): Zisis (7), Pilepic (19), Mumbrú (13), Hervelle (8) eta Hamilton (16) -hasierako bostekoa-; Raúl López (4), Vasileiadis (-), Moerman (2), Samb (6) eta Rakovic (-).
93 - Caja Laboral (24+23+21+25): Cook (5), Causeur (13), Nocioni (16), Milko Bjelica (-) eta Pleiss (11) -hasierako bostekoa-; Heurtel (-), Jelinek (-), San Emeterio (20), N. Bjelica (8), Lampe (20), Calbarro (-) eta Van Oostrum (-).
Epaileak: Conde, Jiménez eta Pérez Niz.