Itxi

Bilbao Basket

104-101

Bilbao Basketek porrot mingarria jaso du

Erredakzioa

Lehen zati kaskarra jokatu du talde bizkaitarrak, eta bigarren zatian partida handia egin duen arren, 104-101eko emaitzarekin galdu du Kanariasen aurka.

1:09
Richotti eta Vasileiadis

Uxue Bilbao Basketek 104-101 galdu du Kanariasen aurka. Lehen zatia oso gaizki jokatu du talde bizkaitarrak, eta garesti ordaindu du amaieran.

Oso gaizki ekin dio talde bizkaitarrak partidari, eta Kanariasek azkar lortu ditu abantila garrantzitsuak (9-4 eta 15-8). Etxeko taldea jaun eta jabe izan da lehen hamar minutuetan, eta hamar puntuko abantila eskuratu du (30-20).

Bigarren laurdena lehenengoaren antzekoa izan da, eta Kanarias nagusi izan da. Bilbao Basket ezinean ibili da laurdenaren hasieran, eta kanariarrek 16 punturainako abantaila izan dute (53-37). Dena den, Bilbao Basketek ondo jokatu ditu laurden honetako azken minutuak, eta 10 puntura murriztu du desabantaila atsedenaldira iritsi orduko (55-45).

Atsedenalditik itzulita esnatu da Bilbao Basket. Talde bizkaitarrak aldeak murriztea lortu du hirugarren laurdenaren hasieran, eta lehia asko parekatu da. Laurdena bukatzeko bi minutu eta 52 segundo falta izan direnean aurrea hartu du markagailuan Bilbao Basketek (65-66). Hirugarren laurdena berdinduta amaitu da (72-72).

Azken laurdena oso parekatua eta lehiatua izan da. Bi taldeetako batek ere ez du alde handirik lortu lehen minutuetan, eta azken minutuetan erabaki da partida. Norgehiagokako azken txanpa oso lehiatua izan da. Falta asko egin dituzte bi taldeek azken segundoetan, eta Kanarias jaurtiketa librretan hobeto moldatu denez, porrota jaso du Uxue Bilbao Basketek (104-101).

Fitxa teknikoa:

104. Kanarias (30+25+17+32): Uriz (11), Donaldson (7), Sekulik (20), Blanco (11), Rost (5) -hasierako bostekoa-, Guillén (0), Richotti (22), Bivia (4), Chagoyen (6) eta Lampropoulos (18).

101. Uxue Bilbao Basket: (20+25+27+29). Zisis (22), Hamilton (14), Mumbru (21), Hervelle (6), Vasileiadis (21) -hasierako bostekoa- Pilepik (0), Moerman (0), Samb (10) eta Grimau (7).

Epaileak: Emilio Perez Pizarro, Carlos Peruga eta Fernandez Sanchez.